Ander Murua (Arrasate, 2000) pilotariak bere bidea egiten jarraitzen du frontoian. Azken txapela jantzi berri du Bergara Hiria txapelketan. Txapela eskuratzen duen bigarren aldia da. Pilotari onenaren saria ere eskuratu du edizio honetan.
Ze sentsaziorekin bukatu zenuen Bergara Hiria txapelketa?
Oso gustura. Aurreko urtean ere irabaztea lortu nuen, baina ordezko bezala sartu nintzen finalean. Aurten hiru partiduak jokatu ditut eta, egia esan, oso gustura gelditu naiz.
Ezberdina izan da partidu guztiak jokatuta irabaztea?
Bai; saria bera izanagatik, aurten ezberdina izan da. Agian, pertsonalki, garrantzi handiagoa eman diot. Horrelako torneoa eginda gustura gelditu naiz.
"Binakakoa zen, eta atzelariak lan ona egin izan ez balu ez genuen irabaziko. Bioi esker irabazi genuen"
Gainera, pilotari onenaren saria irabazi zenuen, ezta?
Bai, hala izan zen, baina beti esan izan dut ez diedala garrantzirik ematen horrelako sariei. Azkenean, binakakoa zen, eta atzelariak lan ona egin izan ez balu ez genuen irabaziko. Bioi esker irabazi genuen. Anekdota bezala hartzen dut saria.
Arrasatearren babesa ere izan duzu.
Bai, horrela izan da. Eskerrak eman nahi nizkieke Arrasatetik nire partiduak ikustera joaten direnei. Baita pilota klubeko haurrei, ilusio handia egiten dit haiek harmailan ikusteak.
Bestela, zelan joan da denboraldia?
Ondo joan da. Denboraldia irailetik aurrera hartzen baldin badugu, oso ondo joan da. Partidu guztietan eman dut maila eta emaitza onak izan ditut.
"Eskerrak eman nahi nizkieke Arrasatetik nire partiduak ikustera joaten direnei"
Espainiako txapelketan ere ibili zara jokatzen.
Bai; Aste Santuan Bartzelonan izan nintzen eta Errege Kopako txapeldun izatea lortu genuen. Han ere oso gustura ibili nintzen.
Nola ikusten duzu denboraldiaren azken txanpa hau?
Orain, txapelketa gutxi gelditzen dira. Uda hasten da, eta sasoi horretan erakustaldi eta jaialdiak hasten dira. Horietan ahalik eta gehien jokatu nahi nuke, irailera arte maila ona mantentzeko.
Aurrera begira, posible ikusten duzu profesional izatea?
Zail ikusten dut. Maila handia dago gaur egun profesionaletan. Aukera etortzen bada, ondo, baina ez bada etortzen, ez da ezer gertatzen. Ez diot buelta handirik ematen, horrekin obsesionatzeak ez du ezertarako balio. Presionatuz gero, kantxan nabaritu egiten da. Mantentzen dut ilusioa, polita delako ilusioa izatea, baina hortik harago ez.
Bergara Hiria pilota txapelketa
Apirilaren 9an hasi zen Bergara Hiria txapelketa. Ander Muruaz gain, beste bi debagoiendarrek hartu zuten parte: Ander Etxaniz bergararrak eta Manex Balerdi antzuolarrak. Endika Uriondo gizaburuagarra izan zen Muruaren bikotekidea.
Txapelketa bikaina egin dute bi pilotariek. Apirilaren 23an jokatu zuen lehen partidua arrasatearrak, Lizeaga-Oliden bikotearen aurka. 22-07 amaitu zen lehia. Finalerdia maiatzaren 14an jokatu zuten Muruak eta Uriondok. Partidu hartan ere erraz eskuratu zuten garaipena, 22-11eginda Canabal-Apeztegia bikotearen aurka. Maiatzaren 20an izan zen final handia. Amiano-Garmendia bikotea zuten aurrean. Azkenean, 22-13ko emaitzarekin irabazi zuten txapelketa Muruak eta Uriondok.