Arrasateko Udalak jakinarazi duenez, sanjuanetan ez da barrakarik izango, ez delako inor aurkeztu: "San Juanetan jende gutxiago ibiltzen da barraken gunean, eta horrek bideragarritasun ekonomikoa ezbaian jartzen die barrakeroei. Hala adierazi digute beraiekin hitz egin dugunean". Egoera, ordea, ez omen da harritzekoa, Udalak azken urteetan barrakeroen "kexak" jaso dituela adierazi baitute udal ordezkariek: "Ohartarazi izan dute San Juanetan ez dela ekonomikoki bideragarria barrakak jartzea, aurten ez etortzea erabaki duten arte. Honek hausnarketa batera eraman behar gaitu, eta jai hauek pasata, baldintzak berrikusteko prozesua abiaraziko dugu", helburu baitute datorren urtean barrakak egoteko "ahalegin guztiak" egitera.
Dena den, barraken "hutsunea" betetzeko asmotan da Udala, horretarako "alternatibak" jarriko dituela nabarmenduta: "Haurrentzako jolasen errefortzua aurreikusi dugu egitarauan, aurrekontu partida berri bat gehituz. Modu honetan, San Juan jaiak iraun bitartean haurrentzako entretenimendu eta jolasa bermatuko dugu".