San Juan jaietako askotariko elementuak txertatu ditu Eider Abarrategi Garay arrasatearrak 2024ko sanjuanetarako kartelean, hala nola gaiteroak, zezenak, erraldoiak eta kilikiak, txistulariak, dragoia, gazteak, dantzariak eta makala, egileak adierazi baitu "jaien parte direla" horiek guztiak: "Figura edo elementu hauek ematen dieten San Juanei bizitasun eta kolore puntu hori".
Kartela egiterako orduan belaunaldi ezberdinen arteko erreferentziak eta bizipen pertsonalak izan ditu hizpide Abarrategik: "Txikitatik ibili naiz San Juanetan: Arrasate Musikalen, Txikitxu Arrostaitz dantza taldean, eta familian ere badauzkat kide batzuk beste kultura arlo batzuetan aritzen direnak". Haren hitzetan, urteak pasatu ahala San Juanetako "etapa guztiak" bizi izan ditu: "Txikitan, erraldoiak eta kilikiak ikusten; gero, makala igotzen; eta gaur egun, Errementari dantzan parte hartzen".
Egitaraua, ekainean
Sanjuanetako egitarauaren berri ekainaren hasieran emango dutela iragarri du Arrasateko Udalak, "azken ukituak" egiten dabiltzalako. "Egitarauan ohiko programazioak egongo dira: Errementari dantza, erraldoi eta kilikiak, gazte programazioa, kontzertuak... baina berritasunak ere izango dira. Horien guztien berri ekainean emango dugu".