Euskadiko Apnea Selekzioko partaide da, hain justu, Eider Gutierrez, eta autonomia erkidegoen arteko sailkapenean bigarren egin du taldeak, 995,4 punturekin. 2021ean hartu zuen lehen aldiz parte selekzioak Espainiako Indoor-Apnea Txapelketan, eta, ordutik, "arrakasta izugarria" lortu du, hainbat banakako dominekin zein talde gisa urtez urte egin duen gorako ibilbidearekin. "Kide gutxi dituen taldeetako bat izanik eta aurrekontu oso mugatuarekin, Euskadiko selekzioak izugarrizko ilusioz, ahalegin pertsonal handiaz eta mailegatutako ekipamenduko zatiren bat edo besteri esker aurrera egin du emaitza harrigarriak lortzeko", azaldu dute taldekideek.