Neguko jostailuekin ez ezik, udaberrikoekin ere trukea sustatu gura du Txatxilipurdi Elkarteak, Jostailu Truke Merkatuaren bidez."Etxean dauzkagun jostailuei begirada bat eman eta erabiltzen ez ditugunak beste batzuengatik trukatzeko gonbidapena luzatu nahi dugu. Edonolako jostailuak trukatu ahalko dira, baina uda gerturatzen ari denez, hondartzan edo igerilekuetan erabili ohi ditugun jostailu horiek trukatzea aukera polita izan daiteke: kuboak, palak, eskuare, kometak, urpean jolasteko jostailuak, ureztontziak, hondarretan jolasteko jostailuak, disko hegalariak...", adierazi dute.
Azoka ekainaren 6an egingo dute eta, horretarako, jostailuak batuko dituzte aurrez, honako hiru egun hauetan:
- Maiatzak 28, Santa Marinako ludoteka aurrean 18:00-18:45.
- Maiatzak 29, Kulturolako aterpean 18:00-18:45.
- Maiatzak 30, Arimazubin 18:00-18:45.
Hiru egun horietan, halaber, Txatxilipurdiko bulegoan ere jasoko dituzte jostailuak, 09:00etatik 13:00etara.
Hainbat baldintza
Edozelan ere, ez dituzte jostailu guztiak onartuko. Hauek dira jostailuek bete beharreko baldintzak: "Jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira; indarkeria sustatzen dituzten jostailuak ez dira onartuko, ez eta irudi sinbolikoa dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez; sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dira onartuko".
Batutako jostailuen truke, txartelak banatuko dituzte, "zenbat jostailu hainbeste txartel". Txartel horiek, jasotako jostailu guztien artean gustukoena aukeratzeko baliagarriak izango dira
Azoka eta jolasak
Monterron parkean, jasotako jostailuak ikusgai jarriko dituzte ekainaren 6ko azokan, 18:00etatik 20:00etara. "Era berean, jolas erraldoi batzuk ere eramango ditugu, elkarrekin jolasteko tartea hartuz". Euria bada, Aldai parkera lekualdatuko dute azoka.