Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak antolatuta egin dute aurten ere tripaki lehiaketa, Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Bilkuraren eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin. 22 harategik hartu dute parte eta Tolosa harategiarena izan da tripaki onena. Martin Tolosa bera ez da Arrasaten egon eta, beraz, epaimahaikide izan den Mailu Odriozolak jaso du saria, bere izenean.
Honako hauek izan dira parte-hartzaileak:
Josema Azpeitia gastronomia-kritikoa izan da epaimahaikideetako bat eta adierazi du probatu dituen tripaki guztiak zirela onak. "Maila ona egon da. Ez dugu tripaki txarrik probatu".
Erabakia zeren arabera hartu duten galdetuta, zera erantzun du: "Produktuaren dohainak baino, akatsak bilatzen ditugu eta, horien arabera, baztertzen goaz. Koipe gehiegi dutenak, pikanteegiak direnak edota gatz maila egokia ez dutenak baztertu ditugu eta horrela iritsi gara irabazlea hautatzera. Edozelan ere, nabarmentzekoa da guztiak jan ditugula gustura". Era berean, tripakia galtzen ari dela dio Azpeitiak eta halako lehiaketek produktu hori goraipatzeko balio dutela nabarmendu du.
Halako ekimenen beharra, tripakiak iraun dezan
Jesus Odriozola Ederto-Harakel elkarteko kideak, bestalde, ondo baloratu ditu lehiaketa zein dastatzea. "Dezente saldu dugu eta mahaikideak ere goi mailakoak izan dira. Oso gustura gaude". Era berean, Arrasaten errotu den lehiaketari balioa eman dio. "Ezaugarri bereziak dituen produktua da gurean tripakia eta harategietan saltzen jarraitzeko, horrelako ekimenak egiten jarraitu beharra daukagu". Hori dela eta, dagoeneko hirugarrena antolatzeari ekingo diotela azpimarratu du.