Irabazi edo irabazi, ez zuten beste ezer buruan Mondrateko jokalariek, eta lortu dute helburua. Donipari talde pasaiarraren bisita jaso dute Musakolako kiroldegian, eta taldeak bazekien lehia gogorra izango zela (joaneko partiduan 4-3 galdu zuten Pasaian). 1-0 irabazten hasi da talde morea Mikel Elizaranen gol bati esker, baina azkar erantzun dute kanpokoek. Hala ere, Mondratek kontrolpean izan du partiduko erritmoa eta lehenengo zatia gol bakarreko errentarekin amaitu da, 3-2.
Atsedenalditik bueltan, kanpokoek estutu egin badute ere, arrasatearrek markagailuko errenta handitzea lortu dute eta 6-4 amaitu da neurketa. Ander Sanchezek hiru golekin, eta Eros Chinarrok, Jokin Zeziagak eta Mikel Elizaranek gol banarekin sartu dituzte Mondrateren sei golak.
Jokin Zeziagak eskerrak eman nahi izan dizkie Musakolara gerturatu diren zale guztiei: "Harmaila goraino zegoen, jendez josita. Asko animatu digute eta horrek partidua oso ondo joatea eragin du". Datorren asteburuan Gasteizera egingo dute bidaia arrasatearrek, bertan jokatuko baitute playoff-eko partidua Aurrera de Vitoria taldearen aurka.