Orkestra eta abesbatza, berriz elkarrekin

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mai. 17a, 11:18

Joan den zapatuan elkartu ziren orkestra eta abesbatza elkarrekin lehen entsegua egiteko. Argazkia: Orkestra Sinfonikoa

Pandemia ezkero elkartu gabe zeuden, eta, orain, udaberri Musikaldiko bigarren asteburuan elkartuko dira berriz ere. kontzertua bihar izango da, San Frantzisko elizan, 19:30ean; horrez gain, beste bi hitzordu ere badaude bigarren astebururako

Udaberri Musikaldia bigarren asteburuan sartuko da gaur, eta hitzordu garrantzitsu batekin, gainera: Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoa eta Goikobalu Abesbatza berriz elkartuko dira kontzertua emateko; izan ere, pandemia tarteko, ez dute aukerarik izan elkarrekin kontzerturik emateko. Hainbeste itxarondako emanaldia bihar izango da, San Frantzisko elizan, arratsaldeko zazpi eta erdietan hasita.

Iker Olazabal gasteiztarrak zuzentzen du orkestra eta Iñaki Maidaganek berriz, abesbatza; biak ala biak gogotsu dira. "Orkestra eta abesbatza batzea musika klasikoan egin daitekeen nahasketa indartsuena da, eta gogotsu gaude", adierazi du Olazabalek Arrasate Irratiko Zaku bete kontu saioan. "Abesbatzak gustuko du orkestrarekin gauzak egitea. Gainera, pandemia ezkero ez gara elkartu; beraz, ilusioa dugu", aitortu du Maidaganek. Joan zen zapatuan egin zuten elkarrekin lehenengo entsegua, eta atzo egin zuten orokorra. Orkestrako zuzendariak eta abesbatzakoak esan dute gauzak "doitzea" falta dela, baina "prest" daudela biharko.

Errepertorio indartsua

Bi zatitan banatuko da biharko kontzertua: lehenengoa instrumentala izango da eta Orkestra Sinfonikoak soilik joko du. Franz Schubert-en zortzigarren sinfonia joko dute instrumentalki, ondoren Kenneth Leightonen Introduction and March finale piezari paso eman aurretik. "Jotzeko gogorrak diren piezak dira, baina politak, era berean", dio Olazabalek.

Bigarren zatian sartuko da eszenan Goikobalu Abesbatza, Gabriel Faureren requiemean musikari ahotsa jartzeko. "Requiem intimista bat da. Ez da oso gogorra ezta zaratatsua ere", adierazi du Maidaganek. Kontzertua borobiltzeko, beste klasiko baten aldeko apustua egin dute: Juan Arzamendiren Udalamendi abestiarekin agurtuko dute; Arzamendi hil zela hogei urte igaro dira, eta omenaldi moduan egin gura dute.

Bi kontzertu gehiago

Biharko kontzertuaz gain, beste bi hitzordu azpimarratu behar dira: bat gaurko eta bestea datorren eguaztenerako, hilak 22. Gaur, 19:30ean, San Frantzisko elizan, Kea Abesbatzaren kontzertuarekin gozatzeko aukera egongo da. Eguaztenean, berriz, Aitor Garitano tenore bergararra bakarlari lanetan arituko da Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumen, arratsaldeko zazpi eta erdietan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak