Igoerarako kanporaketa faseak jokatzeko gogoz

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 17a, 11:15

Mondrateko jokalariak partidu baten ostean.

Hirugarren sailkatua da Mondrate, azken jardunaldiaren faltan. 'Play-off' postuetan dago, baina emaitza positiboa lortu ezean igoerako postu horietatik kanpo gera liteke. Hain zuzen ere, Donipariren bisita jasoko du Musakolan

Txapelketako azkenengo jardunaldia jokatuko du Mondratek zapatuan, 18:00etan, Musakola kiroldegian. Urte osoan sailkapeneko aurreneko postuetan sailkatuta egon da Arrasateko taldea, eta hoigeta hamargarren eta azken jardunaldira play-off postuetarako sailkatzeko aukerekin iritsi dira Aitor Cortizasen mutilak. Azkenengo lau jardunaldietan hiru garaipen eta berdinketa bat erdietsita, hiru puntuak lortuta amaitu nahi du denboraldia talde moreak. Horrela, play-off-ak jokatzeko postua ziurtatu, eta mailaz igotzeko lehian sartuko lirateke.

Denetarik gerta daiteke

Aurreneko bi sailkatuek abantaila izango dute hirugarrenarekiko eta laugarrenarekiko; bada, etxean jokatuko dute kanporaketako partidua. Hirugarrena da uneotan Mondrate, baina edozer pasa daiteke azken jardunaldian: denboraldia bigarren sailkatu gisa amaitzea, baina baita igoera postu horietatik kanpo gelditzea ere. Xabi Gorroñogoitiak, Mondrateko kapitainak, dio "aukera ezberdinak egon arren helburua irabaztea" dela: "Azkenengo partidura iritsi gara play-off-erako sailkatzeko aukerekin, eta, berdinketa batek balio digun arren, irabaztera aterako gara, eta helburu hori lortzeko konfiantza handia dugu".

Pasaiako Donipari taldearen bisita izango dute arrasatearrek. Joaneko partiduan 4-3 galdu zuten Mondrateko kideek, baina, hala ere, Gorroñogoitiak dio "garaipena eskuratzea" merezi izan zutela. Aurreko partidua ez bezala, herrian jokatuko dute partidu hori, eta horrek beste ikuspuntu bat ematen dio jokoari. "Gogorra izango den arren" partidu "polita" izango dela Musakolakoa eta "irabazteko konfiantzarekin" kantxaratuko direla gehitu du kapitainak.

Emaitza logiko guztiak izango balira, hirugarren amaituko luke denboraldia Mondratek, eta, horrela, etxetik kanpo jokatuko luke play-off-eko partidua. Gorroñogoitiak dio Musakolan bizi duten giroa ez dutela beste edonon izango, baina etxetik kanpo ere zaleen babesa izango luketela ziurtatu du, eta ziur dago arrasatearrak eurekin izango direla partiduak diren lekuan izanda: "Kanporaketako partidua etxetik kanpo jokatuz gero, ziur nago jendea partidua ikustera etorriko dela".

Zaleen babesa, ezinbestekoa

Igoerako kanporaketa partiduak urruti daude oraindik Mondrateko jokalarien ikuspuntutik. Guztia "azkenengo jardunaldian" ziurtatu behar dutela nabarmendu du Gorroñogoitiak. Horretarako, errezeta zein den ere garbi du Mondrateko jokalariak, eta bide horretan zaleen babesa ezinbestekoa izango dela dio kapitainak: "Gure zaleek ez dute gonbidapen beharrik. Baina horren partidu garrantzitsua izanda, arrasatear guztiak gonbidatzen ditugu Musakolako kiroldegira, helburua guztion artean lortu dezagun".

'Mondrate eguna'

Donipariren aurkako partida horri Mondrate eguna izena jarri diote taldeko kideek. Sare sozialetan iragarri dutenez, partidua ikustera doan edonork bi euro ordaindu beharko ditu leihatilan. Ordaindutako bi euro horien truk, sarreraz gain bi errifa banatuko dira. Taldeak iragarri duenez, bi errifa horiekin "zozketa berezietan parte hartzeko aukera izango du bakoitzak". Sare sozialetan ere jendeari dei egin diote arrasatearrei Donipariren aurkako partidara bertaratzeko, eta Musakola morez janzteko aldarria egin dute. Jokalariek herritarren beharra izango dutela azpimarratu dute.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak