'Bagoiez Arrasate' kirol orientazio zerbitzuak deialdi irekia egin du maiatzaren 28rako

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 16a, 10:33

Bagoiez Arrasate izena duen kirol orientazio zerbitzua ezagutzeko deialdi irekia antolatu dute maiatzaren 28rako, martitzena; 10:30ean izango da, Musakolako kiroldegian eta aurrez izena eman beharko da. Bizitza aktiboa sustatu eta sedentarismoari aurre egitea da programa horren helburua, tresnak praktikoak eta aholkularitza pertsonalizatuen bitartez.

Zerbitzuaren arduradunek adierazi dute jarduera fisiko erregularrak osasunerako dituen onurak asko direla: "Gaixotasun kronikoen arriskua murrizten du mugimenduak, hala nola, gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa, II. motako diabetesa, koloneko eta bularreko minbizia…".

Bizi aktibo horretan ekiteko orientatzaile profesionalen laguntza garrantzitsua dela gaineratu dute. Eta aholku indibidual eta pertsonalizatuak jasoko dituzte erabiltzaileek zerbitzu horren bidez, "norberaren beharrizan eta aukeren arabera". Horrez gain, ariketa fisikoa taldean egiteko aukera ere eskaintzen da.

Adineko pertsonei bideratuta

Egitasmo horretan adin guztietako pertsonek parte har dezaketela adierazi dute Udaletik baina, bereziki, pertsona nagusiei bideratutako programa da. Orientazio pertsonalizatua emateaz gain, taldean egiten diren irteera eta aktibitateak izango dira: "Talde giroa bultzatuko da eta nagusiengan oso ohikoa den bakardadeari aurre egin".

Deialdi irekia maiatzaren 28rako

Bagoiez Arrasate kirol orientazio zerbitzua ezagutzeko deialdi irekia egin dute maiatzaren 28rako. Interesa duen edonork parte hartu ahal izango du. Horretarako, Musakolako kiroldegira jo beharko dute, 10:30ean.

Antolatzaileek eskatu dute aldez aurretik izena emateko Musakola kiroldegira joanda edo 943 25 20 30 telefono zenbakira deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak