"Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen aurka" eta Palestina babesteko elkarretaratzea egin dute gaur, Arrasaten, Kontseilu Sozialistak deiturik."Maiatzaren 15ean Nakbaren edo hondamendiaren eguna oroitzen dute Palestinan. Izan ere, duela 76 urte, sionismoak palestinarren aurka abiarazitako erasoaldiaren ondotik sortu zen ofizialki Israelgo Estatua, mendebaldeko potentzia inperialisten babesarekin. Gertaera hark argi erakusten du estatu sionistaren oinarrian Palestinako lurren okupazioa eta palestinarren aurkako kanporaketa eta erailketa izan direla hasieratik", azaldu dute.
"Estatu sionistaren inpunitatearen oinarrian, mendebaldeko gobernuen eta alderdi politiko profesionalen sostengua dago. Batzuek zuzenean babesten dute estatu sionista. Beste batzuek aldiz, bakearen aldeko promesa faltsuak egin arren ez dute neurri errealik hartzen genozidioa gelditzeko", salatu dute Arrasateko plazan.
"Horren adibide garbia da PSOE buru duen Espainiako Gobernua. Palestinaren aldeko adierazpenak egin eta laster Palestinako Estatua aitortuko duen arren, Israeli inoiz baino arma gehiago saltzen ari da eta estatu sionistarekin harreman diplomatiko, politiko eta ekonomikoak izaten jarraitzen du", gaineratu dute.