Musakola zentroko egoiliarrek eguaztena modu berezian ospatu dute. Izan ere, San Isidro eguna dela aprobetxatuta, Arrasateko Nagusien Kontseiluko kideek antolatuta, jai inklusiboa egin dute eta egoiliarrek gazteen konpainia izan dute goizean zehar. Eguneko zentrotik San Isidro ermitara joan dira lehenengo, han bisita gidatua egin dute, eta ondoren, San Isidro plazan eguneko zentroko pertsonei eta langileei omenaldia egiteko, Maider Morras alkateak eta Jasone Giraldo Gizarte Ongizateko zinegotziak hartu dute hitza. Ondoren, festa giroa nagusitu da, musika saioarekin eta luntxarekin.
Horrelako egunen garrantzia
Nagusien Kontseilukoek aurretik ere egin izan dituzte irteera inklusiboak. Halaxe azaldu du elkarteko presidente Pili Iriartek: "Nagusien Astean egin genuen Iturbide egoitzakoekin irteera desberdin bat San Andreseko obra berria ezagutzera. Bertaraino eraman genituen eta asko emozionatu egin ziren erresidentziatik irten gabe zeudelako eta ez zutelako obra hori ezagutzen. Real Sociedad Fundaziokoekin ere egin genuen beste behin Bizikletan Adinik Ez ekimena, egoiliarrak kalera ateratzeko. Euren gustuak ezagutzen joan gara, eta oraingo irteeran musika saioa jarri diegu, konturatu garelako asko gustatzen zaiela".
Musakola zentroko Itsaso Aguinagalde eta Maria Asunción Hernando langileek ere halako egunen garrantzia azpimarratu dute: "Garrantzitsua da, abiapuntutzat hartzen ditugulako eguneko zentroko adinekoak Arrasateko bizilagunak direla, asko Zigarrolakoak, eta komunitate horren parte direla. Horrelako jardueren bidez, pertsonen arteko eta bizikidetzako harremanak hobetzen dira, autoestimua eta gozamena areagotuz eta bakardade-sentimendua murriztuz, eta, aldi berean, bizi-kalitatea hobetuz".
Nagusien Kontseiluko Iriartek gaineratu du zahartze aktiboa lantzeaz gain, garrantzitsua dela belaunaldien arteko harremana ere lantzea, gazteak kontzientzia daitezen nagusien arazoekin, besteak beste.
Lanaren aitortza
Jaialdi inklusiboarekin eskertu nahi izan dute baita ere Musakola zentroko langileek egoiliarrekin egunero egiten duten lana eta langileek adierazi dute adinekoen aldetik ere "asko" jasotzen dutela, "jakinduria, maitasuna, esperientzia, aholkuak, eta abar".