Ikerlanek herritarrei teknologia "modu ludikoan hurbiltzea" izango du xede Magaletik herrira izenpean egingo duen jaian, eta, horrez gain, musika, magia eta bakarrizketa ikuskizunak ere izango dira; baita dantza bertikaleko saio bat ere. 11:00etan hasiko dira ekintzak, eta Biteri eta Seber Altube plazetan ez ezik, Zaldibarko udal pilotalekuan ere egingo dira. Horretarako, gainera, Ikerlanek 50 pertsona inguru arituko dira boluntario lanean.
Ekintza zehatzak
Ekintzei dagokienez, Biteri plazan esaterako, Joselontxos txaranga, Tor magoaren ikuskizuna eta Mikel Bermejoren bakarrizketa saioa izango dira, puzgarriekin eta txapen zein laser inprimagailuen tailerrarekin. DJ Xaibor ere han izango da, eta Ibai-Artek erosketa bonuen zozketa egingo du; horrez gain, Harakno street food txosna ere izango da. Halere, nabarmendu dute gune horretako protagonistarik berezienak Patitas robot polizia eta Pepper robot androidea izango direla.
Seber Altube plazan, berriz, robotekin "ondo pasatzeko" aukera izango da: "Auto lasterketak egin ahal izango dira scalextric pista handi batean, eta errealitate birtualeko simulagailuei esker, kayakeko zeharkaldi bat edo helikoptero batean hegaldi bat egiteko aukera egongo da". Egunari amaiera emateko, azkenik, Zaldibarko pilotalekuan, Harrobi taldearen ikuskizuna izango da, 22:00etan: "Dantza bertikala sorkuntza garaikidearekin eta euskal nortasunarekin fusionatuta".