Mondrako kirol zuzendaritza datorren denboraldia prestatzen ibiliko da jada, eta aurretik duten erronka ez da makala, entrenatzaile berriarekin hasi beharko dutelako taldea eraikitzen. Gaur, astelehena, eman du jakitera orain arte entrenatzaile izan den Gari Nuñezek datorren denboraldian ez duela Mondran jarraituko. "2023ko ekainean hasitako ibilbidea bukatutzat ematen dut idatzi honen bidez, motza izan den arren ederra izan da! Plazerra izan da talde honen parte izatea, zuek danok ezagutzea eta zuen ondoan lan egitea. Pentsaezina zen denboraldi hasieran horrelako urte zoragarria pasako nuenik, paregabeko emaitzekin, eta helburua gauzatuz gainera. Itzela ospakizuna, herritarren berotasuna tarteko, egun ahaztezin eta polita", adierazi du sare sozialetan. Eta gutuna amaitu du klubeko ordezkariei eta jokalariei eskerrak ematen, erakutsitako babesagatik eta jokalariei izan duten konpromiso mailagatik.
Beteranoen agurra
Horrekin batera, taldean ezinbesteko pieza izan diren zenbait jokalarik ere agur esan dute asteburuan, etxeko azken norgehiagokan. Aitor Azkarate Aiti kapitainak, Xabi Arrizabalagak eta Josu Arizmendiarrietak merezitako omenaldia jaso zuten taldekideen partetik. Zuen nortasuna, denon eredua leloa zuen kartelarekin, bengalekin, eta euren elastikoak markoztatuta omendu zituzten.