Donostiako Gaska kiroldegian jokatu du lauko finaleko finala Easoren aurka Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen lehen taldeak eta irabazi egin du 56 eta 59. Taldeko entrenatzaile Iñaki Ogara Arri-k jokalarien "lan itzela" nabarmendu du. Adierazi du partida "oso-oso gogorra" izan dela fisikoki eta tentsio handikoa izan dela: "Xehetasun txikiak dira, baina nik uste dut egin duten lanarekin merezita irabazi dugula eta orain azken fasera begira jarri behar dugu".
Easok gogortasuna erakutsi duela dio entrenatzaileak eta erritmoa aldatu duela defentsan batez ere. "Gu markagailuan atzetik egon gara minutu asko. Nik uste dut gu mentalki oso gogor egon garela eta azkenengo minutu horietan partiduan zehar falta izan zaigun pazientzia hori eduki egin dugu".
Zaleen berotasuna ere nabaritu dute eta eskerrak eman nahiz zoriondu egin ditu Arri-k jarraitzaileak denboraldian zehar eman duten babesagatik.
Bi aste barru jokatuko duten igoera fasera begira jarri da eta prestatzen jarraitu behar dutela dio: "Jarraitu behar dugu bide honetatik. Hiru partida gehiago geratzen dira eta ea ondo berreskuratzen garen esfortzu honetatik". Atsedena hartu ostean, berriro itzuliko dira Ointxe!-ko neskak entrenamenduetara.