Izar Bedia: "Lauko finalera iritsita, irabazi egin nahi dugu"

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mai. 10a, 18:00

Izar Bedia, jaurtiketa bat egiteko gertu. Argazkia: Imanol Soriano

Ointxe!-ko neskek lauko finala jokatuko dute asteburuan Donostian. Lehen finalerdia bihar (20:00) izango dute, San ignacio taldearen aurka; irabaziz gero, finala domekan (12:00)

Hitzordu historikoa izango du Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen lehen taldeak asteburuan, eta, erronka horri begira, Izar Bedia (Arrasate, 1995) kapitainarekin izan da Goiena.

Nola dago taldea? Urduritasunak nabari dira?

Gogo handia dugu eta entrenamenduetan buru-belarri gabiltza azken egunetan. Nerbioak ere hor daude; lauko final bat jokatzeak hori dakar, azken finean. Badakigu lauko finala gainditzeak zer eragingo lukeen; beraz, izugarrizko ilusioa dugu.

Espero al zenuten zaudeten tokian egotea?

Egia esan, hasieratik helburua lauko finalerako sailkatzea zen, nahiz eta jakitun ginen zaila izango zela. Dena dela, argi genuen ez geundela kategoria honetan maila mantentzeko soilik. Entrenatzaileak helburu hori jarri zigun, eta gu kontziente ginen genuen taldearekin lortzeko aukerak genituela; hortaz, pozik gaude lortutakoarekin.

Inoiz ez du bailarako emakumezkoen saskibaloi talde batek maila horretako neurketarik jokatu...

Bailaran eta Arrasate mailan emakumezkoen saskibaloian harrobitik egiten ari garen lanaren saria da hau. Ikusten da klub hau egiten ari den lana fruituak ematen ari dela.

Zein da helburua?

Behin honaino iritsita, irabazi egin nahi dugu. Lehenik, finalerdia, eta, ondoren, finala. Zaila izango da, ligako lau talde indartsuenetakoak gaudelako bertan, baina irabazten saiatuko gara. Lan asko egin beharko dugu, bi partiduetan 40 minutuan kontzentratuta egon beharko dugu, baina hortxe dugu aukera eta aprobetxatzen saiatuko gara.

Aurkariak ezagutzen dituzue; non egongo da gakoa?

Ondo ezagutzen dugun aurkaria da San Ignacio. Talde moduan jokatu beharko dugu. Finalerdiko urduritasunak alde batera utzi, eta neurketa osoan fisikoki eta mentalki goi mailan lehiatu beharko dugu garaipena lortzeko.

Azken urteetan lortu duzue igoeraren bat; lauko final hau jokatzea ezberdina da?

Bai. Maila handiagoa da liga honetan, eta jokalari asko esperientziadunak dira eta ohituta daude goi mailan jokatzen. Nabaritzen da maila aldaketa.

Gertatzen dena gertatzen dela, denboraldi txukuna egin duzue...

Gu geu oso pozik gaude egindako lanarekin, eta ginga jarri nahi diogu denboraldiari. Entrenatzaileek, jokalariek eta klubak oso lan ona egin dugu, eta hor daude emaitzak. Orain, lauko finalarekin gozatzea izango da gakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak