Ordubeteko iraupena izan duen errepertorioan "sorpresa politak" izan dira aretoa bete duen publikoarentzako gozagarri. Hala kontatu du Arrasate Musikaleko Txistularien Bandako kide eta irakasle den Juan Karlos Larreategik: "Modu berezian hasi dugu kontzertua, Txistulari Bandako kide garen Lander Diaz de Gereñuk eta biok gure semeekin –Danel Diaz de Gereñu eta Julen Larreategi– batera Zortzikoa eta Fandangoa eskainita. Oso gustura geratu gara".
Arrasate Musikaleko Txistulari Bandako kide gehiago igo dira taularen gainera segidan –Markel Iragi, Amets Pagaldai eta Domentx Uzin–eta seikote formatuan jo dituzte askotariko estilotako bederatzi pieza gehiago. Gaur estreinatu dugun Eugenio zortzikoa pieza izan da lehenengoa. Urte askotan zehar, eta oraindik ere, gure musika instrumentuen zaindari eta konpontzaile den Eugenio Garcia arrasatearrari eskainitakoa da. Ematen digun laguntasuna eskertu gura genion aspalditik eta asmo horrekin sortu zuen Domentx Uzinek pieza hori; estreinakoz jo dugu jendaurrean, bera eta bere senitartekoak aretoan zirela", azaldu du Juan Karlos Larreategik.