Vanesa Muela perkusio-joleak gidatutako tailerrarekin abiatu dute eguna. "Lepo bete da ikastaroa, 25 lagun gustura izan gara Muelaren azalpenekin, koilara bi eskuetan hartuta, soinu polita ateratzen eta bukaeran, panderoarekin ere bide beretik", azaldu du Arrasate Trikitixa Eskolako zuzendari Maixa Lizarribarrek.
Ordu eta erdiko iraupena izan duen tailerraren ondoren, Seber Altube plazan zain zituzten eskualdeko eta kanpotik etorritako askotariko musikariak kalejirari ekiteko prest. "Esperimentu bat egin dugu aurten, eta adinaren araberako hiru multzo egin ditugu eta erdiguneko kaleetan zehar ibili gara instrumentuak astintzen eta Herriko Plazan batu gara gero, Erraldoien Konpartsa lagun; arratsaldean, Uarkapen bazkaldu ondoren, denok batera ibiliko gara kalean gora eta behera gure soinu banda jartzen eta erromerian dantzan borobilduko dugu eguna".
Aretxabaletak hartu du lekukoa, datorren urtean, bada, Leizarra Musika Eskolakoek izango dute anfitrioi lanetan jarduteko ardura.