Bi multzotan banatuta ari dira sailkapen faseko saioak egiten. Legorretako Herri Antzokian jokatu zuten horietako bat, non Ane Zuazubiskar arrasatearrak eskuratu zituen puntu gehien, 361,5 puntu, hain justu. Maialen Akizu izan zen bigarrena, 331,5 puntu eskuratuta, eta hurrenez-hurren: Unai Izagirre (321,5); Gorka Maiz (319,5); Naia Arrizabalaga (287,5) eta Beñat Zeberio (258).
Ane Ezenarrok jardun zuen gai-jartzaile lanetan eta Estitxu Agirrek, Ion Martinezek, Mikel Urteagak eta Oihana Iguaranek osatu zuten epai-mahaia.
Orion Beñat Iguaran, irabazle
Legorretan moduan, Orioko Arraunetxea ere lepo bete zen; sarrera guztiak agortu ziren. Amasa-Villabonako Beñat Iguaranek eskuratu zituen puntu gehien, 316,5, eta bigarren egin zuen Ane Belokik 308 puntu jasota. Aratz Igartzabal izan zen hirugarrena 306,5 eta segidan, hurrenez-hurren, Arnaitz Lasarte (303,5); Martin Berrizbeitia aretxabaletarra 299,5 puntu lortuta eta Axier Bergaretxe 246,5 puntu eskuratuta.
Imanol Artolak jardun zuen gai-jartzaile lanetan eta Leire Belokik, Maite Sukiak, Mikel Lersundik eta Unai Muniainek epaile lanetan.
Datorren astean, lau saio
Eguenean, maiatzaren 9an, Getarian eta Idizabalen jokatuko dute kanporaketa bana, eta Oñatiko Urko Arregi izango da Getariko Kultur etxean, 19:00etan hasita, izango den kanporaketan lehian. Egubakoitzean, berriz, Anoetan eta Mutrikun jokatuko dituzte Gipuzkoa Bertsotan ekimeneko beste bi saio. Bertsosarrerak.eus atarian daude saio guztietarako sarrerak eskuragarri.