Saskibaloian lehiatuko den Ointxapeldunak! talde inklusiboa sortu berri du Ointxe!-k. Hasita daude entrenamenduekin, baina liga baten barruan lehiatzea da helburua: "Datorren ikasturtean, ahal izanez gero".
Mondragon Unibertsitateko nesken lehen mailako taldea zuzentzen duen Iñaki Ogara Arri dute entrenatzaile jokalariek. "Aspaldi hasi ginen lantzen Ointxe! elkartean saskibaloi inklusiboa sustatzeko proiektua, eta oraintxe egin dugu aurkezpena. Baskonia Mixek Ability taldearekin harremanetan jarri ginen, eta euren laguntza izan dugu honetan. Baita Gureak-ekin eta taldearen babesle izango den Smartlog enpresarekin ere".
Bailara izaerako taldea
Ogaranen esanetan, talde "nahasia" da Ointxapeldunak!, eta bailarako jokalariak hartzea da asmoa, Arrasaten sortu den arren: "Adimen desgaitasuna dutenek, gurasoek, Ointxe!-ko beste jokalariek zein boluntarioek hartzen dute parte talde honetan. Egun, 11 eta 54 urte arteko jokalariak daude. Neskek eta mutilek osatzen dute, baina asmoa bada etorkizunean nesken eta mutilen taldeak egitea. Eta baita talde horiek liga baten barruan jokatzea ere. Hori ez da erraza izango, egia esan, egun Bizkaian bakarrik dagoelako liga inklusiboa; Gipuzkoan eta Araban ez dago. Baina saiatuko gara. Datorren ikasturtera begira egon barik, baina, ekainean Arrasaten partidu bat jokatzea da gure helburua; ziurrenik, gasteiztarren kontra".
Domeketan egiten dituzte ordu eta erdiko entrenamendu saioak, Iturripen, 18:00etan. Saskibaloian jokatu eta Ointxapeldunak! taldeko parte izan gura duen bailarako edonor joan daiteke bertara informazioa eskatzera edo taldeko kide izateko bere asmoa adieraztera. Ointxe saskibaloi taldearekin harremanetan jarrita ere egin dezake.