Gertakaria izan zenetik bost hilabete pasatu direla gogorarazi dute eta adierazi EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatutako Udal Gobernuak "ez duela ekintza zehatzik egin" egoera hori konpontzeko gaineratu: "Ekintza zuzentzailerik gabeko hesien iraunkortasunak argi eta garbi erakusten du tokiko agintariek ez dutela kudeatzeko gaitasunik".
Eraginkortasunez jokatzeko eskatu die jeltzaleek Udal Gobernuari eta herrian dauden ezpondetan arreta jartzeko: "Nahitaezkoa da udalerrian dauden ezponda guztien azterketa sakona egitea, edozein arrisku potentzial identifikatu eta arintzeko, eta Zerrajeran izandako moduko gertakari bat ez errepikatzea ziurtatzea".
Neurriak lehenbailehen hartzeko ere eskatu die: "Neurri azkarrak har ditzala Zerrajerako ezponda egonkortu eta birgaitzeko. Funtsezkoa da bidegorria berriro irekitzea, eta inguruetako segurtasuna guztiz bermatuta egotea eremu horretako erabiltzaileentzat eta bertan bizi direnentzat".
Arrasateko EAJk arrasatear guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko konpromisoa hartuko duela dio, eta lanean jarraituko duela, "etorkizuneko gertakariak prebenitzeko eta udalerriaren azpiegitura eta kudeaketa hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak hartzeko".