Laboral Kutxaren 2024ko gestioak "abiapuntu bikaina" izango du Xabier Egibar zuzendari nagusiaren hitzetan, entitateak "finantza egoera kaudimenduna eta saneatua duelako" eta "haren errentagarritasuna nabarmen hobetu" delako; are gehiago, adierazi du "errentagarritasun ziklo positiboak iraun" egingo duela aurten, "lehiakorrak diren ratioak lortuz eta zuzkidura funtsak indartuz". "Lehiatzea da helburua, eta, gerora begirakoei dagokienez, eraldatzea".
Donostiako Kursaal jauregian egin du batzar nagusia pasa den zapatuan, apirilaren 27an, Laboral Kutxak, eta han eman du aurrera begirakoen berri Egibarrek, Adolfo Plaza presidentearekin batera; hain justu, lehendakari izendatu zutenetik, lehen batzar nagusia izan du Plazak. Batzarkideek, berriz, aho batez babestu dituzte iazko kontuak eta 2024rako kudeaketa plana.
2023ko emaitzak
Plazaren hitzetan, 2023ko emaitzak "bikainak" izan dira: "Sabai historiko bat dira entitatearentzat, eta, haiei esker, finantza erakundeak etorkizuneko erronkei aurre egiteko aurreikusitako programa estrategikoa landu ahal izango ditu". Hain justu, 222,7 milioi euro irabazi zituen iaz –2022an baino %48 gehiago–, eta 2023a "negozioa garatzeko lorpen handiko urtea" izan da.