Jose Ignacio Mujika bergararrak jaso du 2024ko Galbahe Saria, "asmatzaile gisa egindako ibilbide oparoarengatik" Copreci kooperatiban. "22 patente familiatan ageri da bere izena asmatzaileen zerrendan. Gainera, azken hogei urte baino gehiagotan, patente arloan erreferente izan da Coprecin. Jabetza industrial eta intelektual maila urte guzti hauetan Coprecik egindako lan onaren atzean Mujikaren ekarpena dago, hein batean", adierazi dute Galbaian enpresako kideek, sariketaren antolatzaileek.
2016an eman zuen lehen aldiz saria Galbaian enpresak, eta urtero aritu da zeregin horretan orduz geroztik, 2020an izan ezik, COVID-19aren izurritearengatik: Felix Kerejeta (Copreci), Eneko Izquierdo (Ulma Packaging), Tomas Morlanes (Fagor Automation), Manu Colino (Ulma Construction), Arrate Jaureguibeitia (Biolan), Bitor Mendiguren (Ingeteam-eko sortzailea) eta Nagore Abrisketa (Vicinay Marine Innovation) izan dira, hurrenez hurren, sarituak.