Joan den astean hasi zituzten Ignacio Zuloaga eta Otalora Lizentziaduna kaleen arteko zebra-bideak egiteko lanak. Horiek kale mozketak, aparkalekuen behin-behineko itxierak edota edukiontzien desplazamenduak ekarri dituzte eta, beraz, Euskaltelen lanak egiteko aprobetxatuko dute.
Telefoniako lanek bi aste iraungo dute eta Kondekua kaleko aparkaleku eta edukiontziei eragingo die. Aparkalekuei dagokionez, Kondekua aurrean dauden bi ilara aparkaleku kendu beharko dituzte. Gunean dauden zabor edukiontziak, halaber, Jose Luis Iñarra kale hasieran dagoen zabor edukiontzien gunera mugituko dituzte (Taupa taberna ondora).
Zebra-bideak egiteko lanen bigarren fasea
Era berean, zebra-bideak egiteko lanak bigarren fasean sartuko dira bihar, martitzena. Ondorioz, Otalora kaleko errei bat itxiko dute (Muzibarrerako noranzkoan doana) Ignacio Zuloaga kalera pasaz. Ondorioz, bihartik aurrera, herribusaren geltokia Ignacio Zuloaga kalera igaroko da lanak iraun bitartean. Aldaketa hori behar bezala seinaleztatuko da.