Bidea luzea da, baina ezin hobeto hasi dira, izenburupean argitaratu zuen GOIENAk Mondrak liga hasieran egindako lana. Lehen hiru jardunaldietan Aloña Mendi, Soraluze eta Anaitasuna menderatu zituzten, eta orduan, Gari Nuñezen taldea Gorengo mailan lehenengo postuan kokatu zen. Sei hilabete geroago, liga amaitzeko lau jardunaldi geratzen direnean zuri-moreak ligako txapeldun dira jada, duela minutu gutxi Ilintxaren zelaian 0-3 irabazi eta gero. Hala, Ohorezko erregionalera itzuli da Mondra.
Lau jardunaldiren faltan
Arrasateko taldeak ez du datorren asteburuan etxean jokatuko duten partidura itxaron nahi izan. Gaur bertan, Gari Nuñez entrenatzaile legazpiarraren etxean lortu dute matematikoki liga txapeldun izatea. Urtebete baino ez dute egin Gorengo mailan, eta ezin esan sufritu egin dutenik, partidu bakarra galdu dutelako orain arte jokatutako 26 jardunalditan eta Aloña Mendi izan delako Gabonak bitartean zuri-moreak apur bat estutu dituena.
Liga hasieran taldeko kapitain Aitor Azkaratek zenbait klabe esanguratsu eman zituen. Batetik, mailaz jaitsi zuten horiek taldean jarraitzen zutela, eta nabarmentzen zuen emaitzetatik harago jokalari horiek zer nolako konpromisoa erakutsi zuten. Horrekin batera, ligan aurrealdean mantentzeak zeukan balioaz egiten zuen berba, eta Gari Nuñezek eskatzen zien hori ere izan zuen ahoan, alegia, entrenatzaileak partiduetan intentsitatez jokatzeko eskatzen ziela. Bada, kapitainak Antzuolaren kontrako derbian zorigaiztoko eroriko batean besoan min hartu zuenetik ezin izan du berdegunean lagundu, baina orduan esan zituenak ez dira urte osoan aldatu. Mondrak sendotasun handia erakutsi du ligan –hemen– eta Danenaren kontra abendu hasieran galdutako porrota izan da ligan izan duten bakarra.