Urte erdi baino gehiago igaro da Gari Nuñezek zuzendutako taldeak 2023-2024ko denboraldia hasi zuenetik, eta, 25 jardunaldiren ostean, esku-eskura du urte hasieratik ezarritako helburua: Ohorezko Erregional Mailarako igoera lortzea. Denboraldi bikaina egiten ari dira arrasatearrak, eta, bost jardunaldiren faltan, horrenbeste itxarondako unea bizi dezakete asteburuan. Garaipenarekin mailaz igotzea lortuko luke Mondrak; galdu edo berdinduz gero, berriz, Aloña Mendiren emaitzari itxaron beharko dio. Ilintxaren aurka jokatuko dute, Legazpiko Irene Paredes futbol zelaian, eta, Nuñezen hitzetan, "ez da aurkari erraza izango; are gutxiago, haien etxean. Hala ere, guk azken asteetako lan dinamikari eutsiko diogu eta garaipena lortzera joango gara. Ea zorte apur batekin horrenbeste landu eta bilatu dugun helburua lortzerik dugun".
Denboraldi bikaina
Bederatzi jardunaldi jarraian irabazten hasi zuen denboraldia Mondrak, eta, inork zalantzan jartzen bazuen arrasatearrak igoera lortzeko faboritoetako bat izango zirela, zuri-moreek zalantza guztiak uxatu zituzten aurreneko jardunaldietan. Gaur arte, 25 partidutatik 19 irabazi, bost berdindu eta bakarra galdu du Mondrak –Danenaren aurka, 3-2–; zalantzarik gabe, denboraldiko talde sendoena izan da Nuñezena, eta, bost jardunaldiren faltan, sailkapeneko lehenengo postua ziurtatu dezakete.
Ilusioz josita
Astetik astera "lanean oso ongi" ari direla aitortu du Nuñezek, eta horrek erakusten duela "taldeak helburua lortzeko antsietaterik" ez duela. Ilintxa "talde gogorra" dela ohartarazi nahi du entrenatzaile legazpiarrak; joaneko partiduan gauzak zail jarri zizkioten zuri-moreei eta berdindutako bost partiduetako bat izan zen hura. Hala ere, Aitor Azkaratek, taldeko kapitainak, dio "presiorik gabe" jokatuko dutela eta "urte hasieratik borrokatutako helburua lortzeko ilusio handia" duela taldeak; Iker Pavon jokalariak ere onartu du taldea "lasai" dagoela eta helburua lortzeko "gogo handia" dutela.
Legazpira autobusa
Igoera ziurtatu dezake Mondrak zapatuan, eta, neurketa Legazpin jokatuko badute ere, jokalariak etxean bezala sentiarazteko ahalegina egingo dute zaleek; Nuñezek espero du "arrasatearrak gertu sentitzea eta helburua haien babesarekin lortzea", eta, era berean, Azkaratek jendea Legazpira joatera animatu du: "Klubak autobusa antolatu du, eta Legazpira ahalik eta jende gehien joatea nahi dugu".