Gipuzkoan zortzi establezimendu ditu Merkal Oinetakoak enpresak, eta horietako seik egin dute bat grebarekin; tartean, Arrasatekoak. Mirari Osinalde dendako arduradunak azaldu duenez, 2019ko lan-hitzarmena dute eta hitzarmen hori berritzea gura dute: "Horretarako, hainbat hobekuntza proposatu genituen 2023ko urrian egindako batzarrean, eta gauza bakarra onartu digute: kasu pertsonaletarako egun bat libratu ahal izatea. Lan-karga handia daukagu eta egoera ez da ona. Hori dela eta, lan-hitzarmena eguneratzea eskatzen dugu, lan-baldintzak hobetu ahal izateko".
Gaur, egubakoitza, hasiko dituzte mobilizazioak, eta, hobekuntzarik ezean, maiatzera arte iraungo dute. "Egubakoitzetan enpresak Oiartzunen dituen bulegoen aurrean elkartuko gara gure aldarrikapenekin eta zapatuetan gure dendetan elkartuko gara, txandakatuz", dio Osinaldek. Hala, bihar, Txingudiko merkataritza-guneko dendan egingo dute protesta.