Txatxilipurdiko kideek azaldu dutenez, zerbitzuak ezagutzeko gonbidapen bat da, han zer egiten duten zuzenean ikus dezaten. "Horretarako, ongietorri jai bat antolatu izan dugu azken urteetan eta aurtengoa apirilaren 20an izango da", nabarmendu dute.
Hala, 17:00etan hasiko da jaia, ongietorriarekin. 18:00etan altxorraren bila jolasa egingo dute. Ostean, 19:00etan, merendola egingo dute gazte guztiek, eta, amaitzeko, 20:00etan, disko-festa antolatu dute.
Lau txoko daude Arrasaten
Gaztetxokoak, 12-17 urte arteko nerabeei zuzendutako zerbitzuak dira. "Denbora librean dibertitzeko, deskantsatzeko, lagunekin egoteko eta beste gazte batzuk ezagutzeko lekuak dira". Arrasaten lau txoko daude: Erguinen, Musakolan, San Andresen eta erdigunean. Auzoetakoak, martitzenetik egubakoitzera daude zabalik, 17:00etatik 20:00etara. Erdiguneko gaztelekua, aldiz, egubakoitzetan 18:00etatik 20:00etara eta zapatu eta domeketan 17:00etatik 20:00etara.