Hileko hirugarren zapatua izanik, ohi den eran, bertako eta sasoiko produktuen azoka egingo dute zapatuan, hilaren 20an, Seber Altube plazan, eta Arrasateko artisau elkartea izango da protagonista oraingo honetan. Hain justu, bederatzi artisauk hartuko dute parte: Maybe, belarritakoak; LurMaite, tinturak eta xaboiak; Zintzilik, poltsak eta kamiseta bordatuak; Olatz, ilustrazioa; Michelle Loire, joskintza; Carlos, bitxigintza; Amaia, larrua; Wood Uhuru, egurra; eta Ekoudalatx, kosmetika naturala. Are gehiago, haien produktuekin osatutako otzara bat ere zozkatuko da.
09:00etatik 14:00etara izango da azoka, eta artisauez gain, han izango dira bertako ekoizleak ere; hain justu, ogia, gazta, eztia, gozogintza eta sasoiko barazkiak eta frutak eskainiko dituzte.
Hurrengoko datak
Hurrengo azoka egunari dagokionez, maiatzaren 18an izango da, eta loreak eta landareak izango dira protagonista. Ekainaren 15ean, uztailaren 20an, irailaren 21ean, urriaren 19an eta azaroaren 16an izango dira, hurrenez hurren, datozenak.