Ibai Larrea eta Ainara Urrutia nagusi Arrasate-Udalatx lasterketan

Julen Murua Mesonero 2024ko api. 14a, 17:29

Jendetza gerturatu da Arrasate-Udalatx lasterketaren ibilbideko toki ezberdinetara eta, korrikalari zein antolatzaileek adierazi dutenez, "sekulako giroa" bizi izan dute lasterketaren VIII. edizioan. Podiumak, gainera, zapore debagoiendarra izan du, Ibai Larrea eta Ainara Urrutia izan baitira lasterketako garaileak. 

Goiz eguzkitsu eta beroa izan dute gaur Arrasate-Udalatx lasterketaren VIII. edizioan parte hartu duten korrikalariek. Goizeko lehen ordutik nabari izan da berotasuna eta korrikalari asko kezkatzen zuen eguraldiak lasterketan izan zezakeen eraginak. 400 bat lagun batu dira Arrasateko plazan 10:00etan eta, megafoniatik abisua eman ahala, ziztu bizian atera dira korrikalariak Udalatxeko tontorrera bidean. Udalatxeko tontorrera, bai; izan ere, iaz gertatu ez bezala, aurten eguraldia lagun izan dute parte hartzaileek –lasterketaren ibilbidea ez du baldintzatu, behintzat– eta ibilbide osoa egiteko aukera izan dute. Gainera, duela bi urte Gontzal Murgoitiok (1:47:22) eta Onditz Iturbek (2:07:32) ezarri zituzten errekorrak ontzen lagundu du eguraldiak, eta errekor horiek eman dute zeresana gaurkoan.

Kontuak kontu, Ibai Larrea, Aitor Ajuria, Walter Becerra eta Asier Azkaratek agindu dute lasterketako lehenengo kilometroetan gizonezkoei dagokienez; emakumezkoetan, berriz, Ainara Urrutia eta Garazi Abasolo izan dira lasterketa buruak. Larreak eta Urrutiak, baina, azkar utzi dituzte atzean haien jarraitzaileak eta, lasterketa ia guztian zehar haien burua izan dute aurkari nagusi gisa. Larrearen kasuan, lehenengo izateaz gain Murgoitioren errekorra gainditzea ere esku artean izan du lasterketa osoan zehar; errekorra baino lau minutu azkarrago aritu da korrika antzuolarra une askotan. Ikusleek ere bultzatu dute Larrea tarte hori eustera eta lasterketako errekor berria bereganatzera; eta halaxe egin du. Ordubete eta berrogeita zazpi minutuak pasa berri helmugaratu da korrikalari antzuolarra eta eskuak altxatuta eta oihuka ospatu du garaipena. "Izugarria izan da, jende pila bat egon da animatzen eta oso hunkigarria izan da. Oso gustura amaitu dut egindakoarekin".

Urrutiak ere irribarretsu eta haren bi alabak eskutik helduta zituela zeharkatu du helmugako marra, 2:17:15 denborarekin. Lasterketa osoan zehar nagusi izan da aretxabaletarra eta Iturberen errekorretik urrun gelditu bada ere, oso pozik eta harro agertu da lasterketaren amaieran. "Errekorra gainditzeak ez dit arduratu. Ondo sentitzen nintzenez nire lasterketa egitera joan naiz eta, egia esan, izugarria izan da".

Walter Bercerra (1:53:14) izan da, gizonezkoetan, bigarren azkarrena eta Asier Azkarate arrasatearra (1:54:38) izan da podiumera igotzen azkena. Emakumezkoetan, Garazi Abasolo aretxabaletarrak (2:22:18) eta Oihane Sarasketak (2:25:58) osatu dute podiuma. Becerra eta Azkarateren aurretik izan da Aitor Ajuria ia lasterketa osoan, baina gatzagarrak sufritu egin du Besaidetik herrirako zatian. Plazan zeudenek gutxien espero zutenean agertu da Becerra bigarren postua eskuratzeko.

Emakumezkoen sailkapenean ez da sorpresa handirik egon; Abasolok erakutsi du garaipena eskuratzeko lehian egoteko gai den korrikalaria dela eta haren ostean iritsi da Sarasketa; biak ere "helburua lortuta".

Lasterketako sailkapen osoa, hemen.

Antolatzaileak pozik egindako lanarekin

Goiza amaituta, antolatzaileak pozik agertu dira lasterketak izan duen harreragatik: "Oilo ipurdia jarri zaigu streaming bidezko irudiak ikusi ditugunean. Udalaitzeko igoeran, Udalan, Besaiden... alde guztietan zegoen jendea. Giroak ere lagundu du, iaz oso eguraldi txarra izan genuen eta aurten alderantziz gertatu da. Eskertzekoa da Arrasateko eta inguruko herrietako jendearen erantzuna; oso zaila izango da aurtengoa hobetzea".

Bihar, Harmailatik saioan eskainiko du Goiena telebistak lasterketak emandako guztia.

Erlazionatuak

Arrasate-Udalatx: igoera

Eneko Azurmendi Barrena api 14 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak