Getxotarren bisita jaso du zapatu arratsaldean Iturripeko kiroldegian Mondragon Unibertsitateko gizonezkoen talde nagusiak. Denboraldia garaipenarekin amaitu nahi izan dute Julen Berrocalen mutilek, baina aurkari gogorra izan dute aurrean. Tinko aritu dira, beste urte betez, sailkapeneko goiko postuetan arrasatearrak eta erakutsi dute EBA ligan goiko postuei begira aritu daitekeen taldea direla.
Ez dute nahi bezain ondo hasi partida etxekoek eta bizkaitarrek ezarritako erritmoak 31 puntu jasoarazi diete lehenengo laurdenean (19-31). Errenta handia izan arren, bigarren laurdenean hortzak estutu eta markagailua iraultzetik gertu izan dira etxekoak; aldageletara lau puntuko aldearekin iritsi dira bi taldeak, getxotarren alde.
Atseden hartzeko unetik itzulera, baina, erabakigarria izan da partidaren bilakaerarako. Bizkaitarrak etxeko taldea baino hobeto kantxaratu dira eta hirugarren laurdenaren amaierean 18 puntuko aldea ezarri dute markagailuan. Atzean puntu asko jasotzen eta erasoan kanpokoen saskiratze kopuruari erantzun ezinda aritu dira Berrocalenak; 9 eta 33-koa izan da partziala eta horrek ia erabakita utzi du neurketa. Azkenengo laurdenean errenta hori txikitzen saiatu badira ere, ez da posible izan markagailua iraultzea eta porrotarekin amaitu du urtea Mondragon Unibertsitateak (72-106).
Denboraldiaz harro
Julen Berrocal "oso harro"agertu da taldeak egindako denboraldiaz eta adierazi du jokalariek erakutsi dutela "ez dutela inoiz amore ematen eta partida guztiak borrokatzeko gai direla". Datorren denboraldiari buruz galdetutakoan, Berrocalek aitortu du "aste batzuk" hartuko dituela deskonektatzeko eta, horren ostean jarriko direla datorrenaz hitz egiten; gaur gaurkoz, baina, etorkizunari buruz "ezer" ez dakiela adierazi du.