Ignazio Zuloaga kaletik hasiko dituzte lanak. Lehen fase horretarako, kale hori bera itxiko dute, eta Pablo Uranga kalerako sarbidea Otalora Lizentziaduna kaletik bideratu. Ondorioz, Ignazio Zuloaga kalean ezin izango da aparkalekurik erabili, eta sarbidea bertako komertzioek soilik izango dute, zamalanak egiteko.
Bigarren faseak Otalora Lizentziaduna kaleko errai bat ixtea ekarriko du, Okorotegitik Iluntz pareraino, gutxi gorabehera, Muzibarrerako noranzkoan. Ondorioz, ingurabide edo bypass bat egingo dute Ignazio Zuloaga kaletik.
Hirugarren fasean Otalora kaleko espaloi zati bat itxiko dute, Arbolapetatik Iluntz tabernara doan zatian. Modu horretan, espaloia zebra-bide berrira egokituko da. Azkenik, laugarrenean, asfaltatze eta margotze lanak egingo dituzte.
Ekainerako amaituta
Alde zaharreko bizilagunen eskaerari erantzunez egingo du Udalak esku-hartzea, oinezkoen segurtasuna bermatzeko zebra-bidea sortzea "beharrezkotzat" joz. Zebra-bide berria, gainera, adimendua izango da, LED argiekin seinaleztatuta. Lanak sei astez luzatuko dira, beraz, ekainean zebra-bideak amaituta egotea aurreikusten da. Aurrekontua 98.048,57 eurotakoa da (BEZa barne).