Arrasateko AED elkarteak sanjuanetako lelo lehiaketa abiatu du, Arrasateko Udalarekin elkarlanean. Lelo horren bitartez, antolatzaileen helburua da arrasatearrak jaiak euskaraz bizitzera animatzea. Hala, aukeratutako leloa Udalak sanjuanetarako aterako dituen euskarrietan erabiliko dute. "Erabilera hori kontuan hartuta, esaldi laburra eta argia izatea baloratuko da".
Arrasaten bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork parte har dezake lehiaketan, taldean edo bakarka. Era berean, partaide edo talde bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake.
Lanak maiatzaren 3a baino lehen bidali beharko dira aed@aedelkartea.eus helbidera. Leloarekin batera, egilearen edo egileen izen-abizenak eta telefonoa zehaztuko dira. "Jasotako leloetatik hiru finalista aukeratuko ditu AEDk osatutako epaimahaiak".
Lelo irabazlea herritarrek aukeratuko dute bozka bidez, maiatzaren 9an, AEDren Instagrameko kontuaren bitartez. Irabazleak 100 euroko saria izango du. Hala ere, saria eman gabe gera daiteke, epaimahaikoek horrela erabakiz gero.