Ibai-arteko kideek azaldu dutenez, ardo garestiekin harritzea errazagoa den arren, ezarritako helburuetako bat da 3 euro baino gutxiagoko ardoekin harritzen saiatzea. "Lortuko dugula uste dugu. Euskadiko ardoek bilakaera handia izan dute azken urteetan, eta kalitate handiko ardoak ditugu, nazioartean oso ezagunak direnak", nabarmendu dute. Hala, txakolinak, ardo gorriak eta beltzak dastatuko dituzte Ardo Egunean.
Ardoen aukeraketa, adierazi dutenez, Maider Larrañagak eta Jon Andoni Rementeriak egindako zenbait dastatzeren ondoren egin dute. Bata Arteaga jatetxekoa da, sommelierra eta bigarrena, berriz, Remenetxe jatetxekoa, 2018an Espainiako sommelier onena izan zena.
Eserita egingo dute dastatzea, mahaiekin, eta ondorioz, plazak mugatuak izango dira. Hala, Kajoi tabernan edo Altuna Lurrindegian 20 eurotan egongo dira salgai tiketak. Halaber, dastatzerako gonbidapenetako bat lortu ahal izateko, zozketan parte hartu beharko da. "Egin zure erosketak Arrasaten Arrasate Txartelarekin edota bidali erosketa tiket baten argazkia 688 73 41 49 whatsapp zenbakira. Gonbidapenak irabaziz gero, apirilaren 18tik 19ra bitartean Altuna Lurrindegitik pasa".