Zerbitzu berri honen bitartez "erabiltzaileari ordutegi malgutasuna eskaini nahi zaio; nahi, ahal edo behar denean, saioa egiteko aukera izan dezan” udal ordezkariek adierazi dutenez. Musakolako gimnasioko kardio eremuan eskainiko da zerbitzua eta, eremu lehorreko bazkide direnek, nahi dutenean erabili ahal izango dute; gainera, ez da izena emateko beharrik egongo.
Saioak, egunero
Pantailak, modu automatikoan, 45 minutuko saioak eskainiko ditu, eta egunero izango dute erabiltzaileek bizikletara igotzeko aukera. Aste osoan zehar egongo da eskuragarri spinning zerbitzua, orduero, baina aste barruko eta asteburuko ordutegiak ezerbinak izango dira: astean zehar, goizeko 7:30ean hasiko da lehenengo saioa eta 20:30ean azkenarekin amaituko da. Asteburuetan, berriz, goizean, lehenengoa 9:30ean hasiko da eta azkena 12:30ean; arratsaldean, 16:30ean lehenengoa eta 18:30ean, azkena.
Hizkuntzari dagokionez, udalak adierazi du "euskaraz eta gazteleraz" eskainiko dituztela saioak. "Ordu bakoitietan euskaraz izango dira eta ordu bikoitietan gazteleraz. Gainera, saioak ez dira ordu eta egun berberetan errepikatzen; programa aldatzen doa, saio ezberdinak eskaintzeko".
Material berria eskuragarri
Musakola kiroldegiko eremu lehorrean "material berria" gehitu duela ere jakinarazi du udalak: "Besteak beste otsailean erositako muskulazio gunerako bi banku (947,67€) eta haltera eta euskarriak (869,80€), eta azaroan erositako korrika egiteko zinta makina (4.953€), eliptika berria (3.717€) eta bi ispilu (978,72€)". Hala ere, udal ordezkariek, materiala zaintzeko deia egin dute: “Guztion ardura da materiala egoki erabiltzea eta zaintzea. Erabilera eta zaintza egokiak bermatuko baitu guztiok kirol zerbitzu duinez disfrutatu ahal izatea”.
Horrez gain, udalak jakinarazi duenez, "datozen hilabeteetan abiatuko dituzte Mojategiko argiteriak berritu eta led sistemara igarotzeko lanak; eta udan egingo dituzte atletismo pistaren eraberritze lanak".