Herri Eskolako Erguin gunearen patioa berritzeko lanak amaitu dituzte

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko api. 4a, 13:13

Erguineko eskolako jolas parke eraberritua. Argazkia: Arrasateko Udala.

Aurrerantzean jolas parke pedagogiko berria izango du Arrasateko Herri Eskolako Erguineko eraikinak. Eskolaren proposamenari tiraka abiatu zen patioa berritzeko proiektua, orduko patio erabilera aldatzeko helburuarekin.

Haurren heziketarako askotaraiko elementuak batzen dituen jolas parke pedagogikoa izango du hemendik aurrera Arrasateko Herri Eskolako Erguineko eraikinak. Eskolak proposamena luzatu zuen patioa eraberritzeko, honen erabilera aldatzeko helburuarekin. Lanak 2023ko abenduan hasi ziren, eta, dagoeneko, amaitu dituzte.

Patioa berritzeko proiektuak hainbat helburu hezitzaile ditu. Alde batetik, espazio naturalizatuagoak sortzea; besteak beste, espazio berdeagoak, naturarekiko
kontaktuan. Beste helburuetako bat, jarduera ludiko eta sortzaileetarako aukera emango duten espazioak sortzea, ikasle guztien parte-hartzea ahalbidetuko dutenak. Harreman parekideagoak sustatuko dituzten espazioak sortzea ere lortu nahi da parke berriarekin. Gainera, erabilera ludiko askotarako aukera emango duten espazioak ere sortu nahi dira.

Hauek lortzeko, elementu pedagogiko ezberdinak jarri dituzte. Zatirik handiena mugimendu eremuak hartzen du eta elementu ugari jarri dira bertan. Esplorazio eremuak bilatzeko antzoki bat jarri da. Gune sinbolikoa ere sortu dute hondar gunearekin. Aktibitate fisikoa sustatzeaz gain, atseden gune bat ere jarri da, piknik mahaiez osatutako aire libreko ikasgela sortuz. Gainera, bioaniztasunaren eremua ere bilakatu da Erguin eraikinaren patioa, intsektuen hotela eta txorientzako habia jarriz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak