Goñiren oroimenezko 32. txapelketako finalak jokatu zituzten atzo, martxoak 27, Beloki pilotalekuan (Zumarraga, Gipuzkoa), eta elite mailako bikotekako norgehiagokan Ander Murua pilotari arrasatearrak eskuratu zuen txapela Aingeru Bernaolarekin batera, 22-20 eginda garaitu baitzituzten Josu Igoa eta Beñat Garmendia. "Garaipenarekin oso gustura nago, torneoa oso polita izan da eta maila handikoa; horrelako bat irabaztea beti da pozgarria", adierazi du Muruak. Are gehiago, finaleko pilotari onenaren saria ere erdietsi zuen arrasatearrak, baina ez dio aparteko garrantzirik ematen. "Bikoteka jokatzen baita eta Aingeruk sekulako maila erakutsi du, batez ere finalerdietan eta finalean. Hark egindako lanarengatik ez balitz, hau ez litzateke posible izango".
Ez da aise erdietsitako garaipena izan, ordea, guztiek ere ongi sufritu baitzuten partidan zehar. Hasiera bikaina izan zuen Muruak, eta errematean asko asmatuta, 5-0 aurreratzea erdietsi zuen Bernaolarekin batera. "Sentsazio oso onak izan nituen hasieratik, oso ondo sartu ginen partidan eta pilotaren azkartasuna aprobetxatuta tartea zabaldu genuen. Oso ondo aurkitu nintzen fisikoki eta txispaz". Alabaina, bikote gogorra eta langilea direla erakutsi zuten finalerdietan Igoak eta Garmendiak, eta horrela egin zuten atzoko partidan ere. Eskuinez fresko eta afizionatu mailan bere lekua aurkituta, Bernaola estutzen aritu zen Garmendia, baina gorriek ezin izan zituzten Murua eta Bernaola aurreratu markagailuan. "18-11tik 19-19ra iritsi ginen haien merituengatik; azkenean, ordea, gure aldera erori zen partida", azpimarratu du Muruak.
Arantza kendu du
Iazko finalean ere izan zen Murua, Gorka Ugartemendiarekin batera, baina 22-9 eginda ez zuten txapela etxeratu. Oraingoan, bada, horri buelta eman dio arrasatearrak: "Iazko finaleko arantza kendu dut, batez ere ez nintzelako gustura gelditu egindako partiduarekin aurreko urtean". "Oso eskertuta" dago, gainera, arrasatearren animoengatik, jende asko hurbildu baitzen atzoko partidara herritik.