Arrasatearrek 1993-1994ko denboraldian jokatu zuten lehenengo partidu ofiziala, baina taldearen sorreraren berri izateko bi urte egin behar dira atzera: 1991-1992ko ikasturtean hamabost neskaz osatutako taldea errugbia praktikatzen hasi zen Garagartzako zelaian. Esan moduan, bi urte geroago era ofizialean taldea sortu eta partidu ofizialetan lehiatzen hasi ziren.
Hiru garai ezberdin
ARTko emakumezkoen saila hiru garai ezberdinetan lehiatu da. Hasierako proiektu hark 1994-1995eko denboraldira arte iraun zuen. Hainbat urtetako etenaldiaren etorri zen gero, eta 2007an emakumezkoen taldea birsortu zuten ostera, eta beste hiru denboralditan jardun zuten –2009- 2010ekoa izan zen azkena–. Bigarren garai hartan Durango Rugby Taldeko neskak izan zituzten bidelagun. Eta azken etapa gaur egungoa da, pandemia garaian –2020– martxan jarri zutena.