Esperientzia "lagungarria izan da" punk, oi eta hardcore eszenako Arrasateko jaialdiko bultzatzaileendako –Mauka musikagintza, Jimmy Jazz aretoa eta HFMN Crew, Arrasateko Udalaren babesarekin– hirugarrenari forma emateko, nahiz eta "zailtasunak" izan dituzten kartela osatzeko. "Azpiegitura aldetik errazagoa egin zaigu, baina, bestetik, egia da zalantza asko sortu zaizkigula kartelarekin. Ate asko jo ditugu, eta pozik gaude alde horretatik. Iaz moduan, Monterron parkea izango da erdigunea eta Arruena parkean izango da akanpalekua", dio Jimmy Jazz aretoko Iker Arronizek.
Egubakoitzean, Sham 69
Bi egunetan banatuta, hamalau talde izango dira. "Lehenengora ekarri nahi genuen Sham 69 talde beteranoa gurean izango da; talde originaleko Jimmy Pursey, Dave Parsons eta Dave Tregunna kideak bertan izango dira, eta baita 80ko hamarkadan hasita musikagintzan jarraitzen duen Roy Ellis jamaikarra eta haren banda ere. Publiko gaztea erakartzea da dugun helburuetako bat, eta asmo horrekin osatu dugu egubakoitzeko kartela, bogan dauden euskal talde gazteak gonbidatuta".
Bigarrenez jaialdian
Stiff Little Fingers, Suicidal Tendencies, Pennywise eta Toy Dolls taldeak "ukitu" dituztela gaineratu du Arronizek: "Astetik astera aldatzen joan da zerrenda. Aspalditik dugu Stiff Little Fingers ekartzeko gogoa, baina, aurrekontua eta beste eskaera batzuk tarteko, ez da posible izan, eta ezta buruan genituen beste hainbat ekartzea ere. Hala ere, bidean apustu politekin egin dugu topo; horien artean, The Baboon Show eta Cock Sparrer taldeak bigarrenez gonbidatu ditugu. Hasiera baten, ez genuen taldeak errepikatu gura, baina oso gertukoak ditugu biak ala biak eta oso maitatuak dira Euskal Herrian; hala, disko berri bana argitaratu izanak bultzatu gaitu euren atea berriz jotzera. Zapaturako apustua, bereziki, hiru talde gazte indartsu britainiarrekin borobildu dugu".
Sarrerak salgai daude
Mondra&Rollen sare sozialetan eta Musikaze.net atarian daude sarrerak salgai. "Bi egunerako bonua 72,50 euro da eta datorren astean Arrasateko Taupa tabernan ere eskuragarri izango da. Egunetako sarrerak online bakarrik eskuratu ahal dira: egubakoitzekoa 35 eurotan eta zapatukoa 45 eurotan. Ondo doa aurresalmenta; bereziki, zapatukoa".
Taularen gainean izango diren taldeak
- Egubakoitza
- Sham 69, Erresuma Batua.
- Madball, Ameriketako Estatu Batuak.
- Roy Ellis, Jamaika.
- Brigade Loco, Euskal Herria.
- Kaleko Urdangak, Euskal Herria.
- Larru Beltzak, Euskal Herria.
- Arene 6, Euskal Herria.
- Zapatua
- Cock Sparrer, Erresuma Batua.
- The Baboon Show, Suedia.
- High Vis, Erresuma Batua.
- The Chisel, Erresuma Batua.
- Bad Nervers, Erresuma Batua.
- Les Testarudes, Katalunia.
- Kontralde, Euskal Herria.