Kirol egokitua geroago eta hedatuago dago, eta futbola ez da atzean geratzen. Gipuzkoako Federazioak Mondrako eta Leintz Eskola Kiroleko lagunen laguntzarekin futbol inklusiboko 25. topaketa egingo du bihar (11:30, Mojategi). "Duela bizpahiru urte jarri genuen abian egitasmo hau, eta dagoeneko egonkortu egin dela esan genezake. Pentsa, biharkoa 25. saioa izango da. Hala, pozgarriena da datorren urtean hiruzpalau klubek hartuko dutela topaketa hauek euren kabuz antolatzeko ardura, eta horietako bat izango da UDA. Hala, asmoa da eskualde horretako gazteek topaketa horietan esku hartzea. San Martzial, Euskalduna eta Oiartzun izango dira gainontzeko klubak", adierazi dio GOIENAri Josu Zubiak.
Lan-saio emankorrak
Gipuzkoako Federazioko kirol zuzendariak aurreikusten du bihar 50-60 lagun inguru batuko direla Mojategin. "Desgaitasuna duten gazteak bi taldetan banatzen ditugu, talde bakoitzeko ordezkariekin lan ezberdina egiten dugulako, beharren arabera. Eta Mondrako infantil mailako gazteek eta LEKekoek bi talde horietako batekin egingo dute entrenamendu-saioa. Desgaitasuna duten gazteendako oso emankorrak dira ekitaldi horiek, beste gazte batzuekin lan-saioak parteka ditzaketelako. Baina klubetako gazteendako ere baliagarria da; eta ez eurendako bakarrik, baita entrenatzaileendako ere. Pentsa, klubetako ordezkariek euren buruan asteroko partida eta entrenamenduak izaten dituzte. Eta horiek une batez alboratu eta halako saioetan gizarteko beste arlo batean ekarpena egin dezaketela ikusten dute, desgaitasuna duten gazte horiekin tarte bat partekatuz. Eurendako ere oso saio aberasgarriak direla uste dugu, eta oraingoan Leintz Eskola Kiroleko gazteekin eta Mondrakoekin egingo dugu lan".