Udaberriko turismo eskaintza eman du ezagutzera Arrasateko Udalak eta datorren astean hasita, askotariko ekintzak egin ahal izango dira herrian, ekainera bitartean. Batetik, bisita historiko-kulturalak egongo dira. Esaterako, Arrasate hiribildu bizia bisita gidatuak egingo dituzte martxoaren 28 eta 29an eta apirilaren 20an. “Herriko ondare historiko kulturala eta Arrasateko ondare eta jatorri industriala ezagutzeko bisita entretenigarriak eskainiko dira. Era berean, bertako jai eta ohituren kontakizunak eta Arrasateko pertsonaia famatuen bizipenak entzuteko aukera izango da”, diote Udal Gobernutik.
Bestalde, Arrasateko industria ondareari buruzko bisita gidatuan, industrializazioak XX. mendean utzitako hirigintza iraultza berriaren eragina azalduko dute, hainbat eraikin eta istorio ezagutuz. Hori martxoaren 30ean izango da.
Askotariko mendi ibilaldiak
Bisitez gain, askotariko mendi ibilaldiak ere prestatu ditu Udalak herritarrentzako. Martxoaren 31n, adibidez, Arrasateko auzoetara joango dira. "Ibilbide honetan, Meatzerreka, Udala eta Garagartza auzoak mendiz lotuko dira, Arrasateko bira ibilbidea jarraituz".
Apirilaren 21ean, aldiz, Murugaini bira egiteko aukera izango da, Untzilla eta Suña auzoetan barrena.
Maiatzaren 5ean, Bakue-Kortaburu-Etxezarreta ibilbidea egingo dute 10,5 kilometrokoa. Arrasate eta Oñati arteko mugan, Kortaburu tontorrera igoko dira lehendabizi (484 metro), ondoren Etxezarreta parkera jaitsi eta herrigunera itzultzeko.
Maiatzaren 19rako, Udala-Gongetako Meatza-Besaide ibilbidea antolatu dute. "Gongetako meatzeak bisitatuko ditugu, antzinako burdin meatzeak. Handik Besaidera joango gara, eta han hildako euskal mendizaleen oroimenez eraikitako monumentua ikusiko dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mugek bat egiten duten tokian".
Santagedaatx irteera ere egingo dute, ekainaren 2an. "Erraz egin daitekeen ibilbide honetan, Gesalibar auzoaren gainean dagoen Santagedaatx tontorra igoko dugu, 414 metro dituena".
Bedoña-Larriño ibilbideak itxiko du mendi irteeren zikloa, ekainaren 16an. “Ibilbide hau Errege Bidetik doa, Asuelatik pasatuz Bedoña auzora. Hemendik Zubillaga aldera jaitsiko da, Uretsako iturrietara, eta ondoren, Aretxabaletako Larriño auzoa igaroko du, Bedoñara itzuliz. Hemendik herrigunera jaitsiko da”.
Bestelako hainbat ekintza
Bisitez eta irteerak alde batera utzita, bestelako hainbat ekintza ere egongo dira udaberrian, besteak beste, kirol probak: Arrasate-Udalatx, Musakolako BTT martxa, errugbi txapelketa edota enduroa. Halaber, auzoetako jaiak, azokak edota egun bereziak ere izango dira, baita Dantzari Eguna, Debagoieneko Trikitixa Eguna, klarinete topaketa edota musikaldia ere.
Izena eman behar da
Bisita historiko-kulturalak eta mendi ibilaldiak doakoak izango dira, baina izena eman beharko da, izenemateak.arrasate.eus atarian, BAZen edo 943 25 20 00 telefonoan.