La Furia: "Ibilaldi bat da, latz samarra bada ere"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko mar. 8a, 12:45

Nerea Loron La Furia rap kantaria. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi

Nerea Loron, La Furiak beste musika proiektu bat abiatu du, haren ibilbidea markatu duen esentziari fidel, baina egiteko eta adierazteko modu berriei askatasunez helduta.

Promenade izena duen kantua argitaratu zuen otsailean, eta hilero kantu berri bat plazaratuko du Arrasaten bizi den Nerea Loron La Furia (Cascante, 1983) rap kantari feministak.

Aurkeztuko diguzu Promedade?

Paseoa esan nahi du frantsesez. Ibilaldi bat da honako hau, latz samarra, baina paseo bat, eta ez lasterketa bat. Ezer gura ez duen abestia da, izatea baizik. Abesti bat izatea ez da gutxi, horregatik ez diot gehiagorik eskatzen. Abestiarekin fantasiarako baimena ematen diot neure buruari, bizkar-zorroarekin sartzen naiz nire autoan, nire maitalearekin, denok arrastaka daroagun errutik aldentzen naiz, nire haragiarekin gozatzen dut, eta harenarekin. Era berean, zeharretik begiratzen diot jende maltzurrari, askorik gelditu barik, baina etxeko marka da haserreari ere kasu egitea.

Bicharraca artistak egindako bideokliparekin argitaratu duzu.

Ezinbesteko artista da Bicharraca. Urte asko daroa errealitateak berrasmatzen doilorrentzako bizitokiak marrazteko. Egun, beste hainbat tresnaz gainera, adimen artifiziala erabiltzen du helburu berarekin eta algoritmoa nahasten du eta erreminta bera asaldatzen du. Liluragarria iruditzen zait haren unibertsoa, eta horren parte naiz orain. Prozesua intentsua eta aberatsa izan da. Bakoitzak bestearen uretara salto egin du, eta zoriontsu nago emaitzarekin.

"Izan behar dena suposatzen den horretatik urruntzen saiatu naiz"

Hilero kantu bat argitaratuko duzu; zerk bultzatu zaitu hala egitera?

Gogoak. Izan behar dena suposatzen den horretatik urruntzen saiatu naiz; ez zait axola, gainera, lortu izana. Ez nengoen ezberdin izan edo beste halako tontakerietara begira. Egin gura nuena egin dut, beste barik. Garaipena iruditzen zait lortu izana.

Disko baten bilduta amaituko dute?

Batek daki. Dudan gogoaren arabera. Hori da lege bakarra.

Nerea Loron, La Furia rap kantaria. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

Proiektu berriak aldaketak dakarrela diozu, baina identifikatzen zaituen esentziari fidela izanda.

Esentzia diozu... Dagoeneko ez dakit dugun zerbait funtsezkoa ote den. Eta ez dakit zerk ezaugarritzen nauen. Azken finean, suposatzen dut mantentzen dena izateko modu irmoa dela.... Zalantzan ere irmoaren soinua izan dezake?

Konposatzeko motorra ere aldatu zaizula diozu; zein da, bada, orain?

Desioa. Uste dut. [Barre] Amorrua ere badago, ez gaitezen engainatu.... Baina toki ezber- dinetara doa.

Zelako istorioak aurkituko ditu kantu berrietan?

Uf... Joaten uzteak ere ondorio bat dauka: abesti bakoitzean 27 konturen gainean berba egin ahal duzula, batzuetan ulergaitzak, eta zaila egiten zait gaien inguruan handian berba egitea. Baina pentsarazten badidazu, esaterako, sexualitatea dago, identitate likidoak, ez-tokiak, tristura, topaketak eta harrokeria apur bat ere bai, zeren neskatila zutik dago ostia batzuk hartu ostean.

Eta zer diozu musika arloari buruz?

Neurrira egindako fantasia bat. Salbuespen barik, dena ondo. Ekipo ezin hobea. Batzuen inguruan ezin dut berbarik egin, abesti batzuk oraindik ez ditugulako argitaratu, baina orain dela denbora asko daudenak dira Iñaki Bengoa eta Rec Overflow; bada, polit egiten didate eta eurekin geratzen naiz.

Martxoaren 8a da gaur; ze esanahi du zuretzako?

Bi urte eta erdi nituen amamaren etxean zapi bat eskuetan "guk erditzen dugu, guk eraba- kitzen dugu!" oihukatzen nuenean. Haren ikararako, noski. Feminista militante baten alaba naiz. Zer kontatuko dizut, bada?

Plan handirik ezingo duzu egin, Bermeoko Kafe Antzokian duzue-eta gaur gauean kontzertua; zer duzue prestatuta?

Bolotzar bat, zintzoki. Gogo guztiak jarrita niretzako eta besteentzako errepertorioan. Justizia egiten diot neure buruari kontzertu bakoitzean, eta hori ez da gutxirako izango.

DJ bat eta bi dantzari dituzu lagun taularen gainean; zeintzuk dira?

Valentina DJa, Bergarakoa, haren arte eta zaporearekin. Dantzari talde bat –Lara, Janire eta Ainara–, gorputza ematen diotenak ihes edo min egiten duten hitzei. Dena osatua dagoela iruditzen zait eurekin. Harro nago egitea lortu dugun taldearekin.

"Kontzertu ilusionagarriak eta bizpen potenteak ditugu aurretik"

 

Agenda beteta duzue.

Kontzertu ilusionagarriak eta bidaia eta bizipen potenteak ditugu aurretik. Eldan, Leganesen eta Gironan izango garela esan dezaket, baina mingainari hozka egiten ari naiz, iragarri bako bidaiak ditugulako; hala ere, barrutik aldatuko nautela sentitzen dut.

Gaia aldatuta, zer diozu gidatzen duzun Mimosa Bulegoari buruz?

Mimosa loreen etxe bat da, haren arantza guztiekin, noski, baina gure modukoendako nahi dugun etxea da. Ikasten eta zoroen moduan lanean jarraitzen dugu, haiei behar bezala entzunez gero mundua aldatuko luketen artisten bidea bidezkoagoa izan dadin.

Hamar urteko ibilbidea; zer ikusten duzu atzera begiratuta?

Nagusi sentitzen naiz, zentzu onenean. Seguruagoa, malguagoa. Gustatzen zait nor naizen eta pozik nago hartutako erabakiekin. Atzera begiratzen badut, samurtasunarekin eta esker onarekin begiratzen diot neure buruari.

Eta zer ikustea gustatuko litzaizuke etorkizunera begiratuta?

Lasai egon gura dut. Ikusten nola bihurtu naizen nagusi?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak