Euskara eskubidearen alde elkartuko dira eguaztenean plazan

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mar. 1a, 12:08

Urtarrilaren 12an egin zuten elkarretaratzea, Herriko Plazan.

Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa-k bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak martxoaren 6rako Bilbon deitu duen elkarretaratzearekin. Hala, Arrasateko plazan ere elkarretaratzea egingo dute egun berean, 18:30ean, "euskararen aurkako azken sententziak salatzeko eta langile zein herritarren eskubideak aldarrikatzeko".

Protokolotik salatu dutenez, "azken hilabeteetako hainbat sententzien soka beretik", oraingoan Bilboko Administrazioarekiko Auzien 3 eta 6 zenbakiko epaitegia izan da Bizkaiko Foru Aldundiko 227 lanposturen egonkortze, promozio eta esleitze prozesuak baliogabetu dituena, euskararen ezagutza eskatzea "diskriminatzailea" dela iritzita. "Sententziak lanpostuen esleipena amaitzear zegoenean heldu dira, lanpostu publikoa eskuratzera zihoazen berrehundik gora langileren etorkizuna kolokan jarriz. Beraz, erabaki horrekin epaileek herritarren hizkuntza eskubideei ez ezik langileen eskubideei ere egiten diete kalte", nabarmendu dute.

Modu horretan, diote, Bizkaiko Foru Aldundiaren hizkuntza politikaren kontra egin duela oldarraldi judizialak, "duela hilabete batzuk Gipuzkoako Uliazpi fundazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren edota Irungo udaltzaingoen deialdiaren kontra egin zuen bezalaxe, besteak beste".

Zera gaineratu dute: "Geroz eta argiago dago oldarraldi orkestratu baten aurrean gaudela, erakunde publikoen hizkuntza politiko oro deuseztatzeko xedea baino ez duena, eta herritarroi kalera irten eta gure desadostasuna adieraztea dagokigu. Egoera hori izanik, Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa-k deialdiarekin bat egitera deitzen zaituzte Arrasateko euskaltzale, langile, eragile eta alderdi politikoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak