Belauneko lesio bat tarteko urtebetez min hartuta egon eta gero, Yaman Mjahed Diamante-ri iritsi zaio kaiolara itzultzeko ordua. Bihar, zapatua, egingo du hori, WOW etxeak Madrilgo Vistalegren antolatu duen borrokaldian (20:00, Movistar+). Han saiatuko da arrasatearra bere kategorian –61 kilo– lehenengo postua errekuperatzen. Arrasatekoa kaiolara sartzeko irrikan dago: "Imajinatu ere ezin duzu egin zelan sentitzen naizen. Ebakuntza egin zidatenetik hamaika hilabete eta hogei egun pasa dira; ebakuntza-gelatik irten nintzen momentutik egun bakoitza zenbatzen joan naiz, ostera ere borrokaldi bat egitera iritsi arte. Eta iritsi da eguna. Sekulako gogoa daukat borrokaldia egiteko; azken batean, lehiarako berezko grina daukat, nire DNAren parte da, eta lesioa tarteko borroketatik urrundu nintzenean... Gogorra izan da urte hau, baina oso garbi neukan lesionatu aurretik nintzena baino indartsuago itzuliko nintzela, eta halaxe itzuli naiz. Prest nago zapaturako".
Aspaldiko ezaguna aurrean
Arrasatekoak Jose Gilarte izango du aurrean, eta jaialdiko borrokaldi nagusietako bat izango da eurena –hamabi borroka dira–. Hala, profesionalen borrokaldien atarikoa izango da. "Joan den astean izan ginen Madrilen borrokaldia promozionatzen, show apur bat sortzen. Hori ere bada kirol honen parte, baina bertan izan genuen aurrez aurrekoan ez genuen antzerkirik egin; tentsio hori benetakoa da, erreala da. Pertsonalki harreman ona dut Jose Gilarterekin: ez gara lagunak, baina ezta etsaiak ere. Hala ere, kolpe bat eman zidan buruarekin, eta berotu egin nintzen. Halakoetan badakizu burua hotz mantendu behar duzula; emozioak ez dira kirol honetan bidelagun onak, kontzentrazioa galtzen duzulako. Baina gizakiak ere bagara...", dio arrasatearrak, barrez.
Hala, Gilarte eta Mjahed aspaldiko ezagunak dira. "2022an ere elkarren kontra borrokatu genuen, eta orduan mendean hartu nuen, baina horrek ez dit askorako balio. Gutako bakoitzak denbora tarte honetan gure bidea egin dugu, eta beti esan ohi dut ez dudala aurrean dudan kontrarioaren kontra borroka egiten; neure buruaren kontra borrokatzen naiz, eta, orduan baino indartsuagoa naizenez, borroka irabaztea orduan baino zailagoa izango da".
Biharko borrokari begira, kontrarioaren estrategia belaunean makaltasuna bilatzea izan ote daitekeen galdetuta, Diamante-k ez du zalantzarik. "Etor
dadila belaunera, ez daukat inongo arazorik. Belauneko bat jasoko du ordainetan. Min har-
tu nuen belauna erabat errekuperatuta daukat, erabateko konfiantzarekin nago; akaso, beste belauna baino indartsuago daukat. Ez daukat beldurrik".
MMAren gorakada
Borroka arte hori izugarri dabil hazten, eta joan den astean Ilia Topuriak Munduko Txapelketa irabazi izanak bultzada ekarriko duela uste du Arrasatekoak: "Lagun bati aspaldidanik esan nion MMAk halako batean gorakada izugarria izan behar duela, eta hori gertatzen denean hor egon gura dut, jauzi hori emateko prest, eta ondo entrenatuta. Jende asko orain hasi da MMAn arreta jartzen, orain hasi dira entrenatzen. Gu, berriz, 14 urterekin hasi ginen honetan; lanak aurreratuta¡ ditugu".
Ilia Topuria amets
Noski, Arrasatekoak egunen baten Topuriarekin berarekin lehiatzea du amets. "Bi urtean UFCko borrokalaria izango naiz, seguru. Topuria ere nire pisu berean hasi zen, 61 kilorekin, eta urteekin indartsuago egin da, 66 kilotan dago egun. Nik gorpuzkera oso antzerakoa daukat, eta badakit etorkizunean
ni ere 66 kilotan lehiatuko naizela. Bada, zalantza barik, egunen batean Topuriarekin borrokatu nahiko nuke, hori da ametsa. Gaur egun, 27 urte ditu; nik, 21. Hura orain Conor McGregor-ekin lehiatu guran dabil, eta etorkizunean nik Topuria aurrean izan nahi dut.