EBA ligako sailkapenaren erdialdean kokatuta iritsi da Mondragon Unibertsitatea Baskoniaren aurkako partidura. Arabarrek hiru garaipeneko aldea ateratzen zieten eta, beraz, asko zegoen jokoan. Tentsioa gailendu da Iturripeko kantxan lehen minutuetatik, publikoak gogor estutzen zuen eta bultzada horretaz baliatu dira etxekoak. Ez diote neurketari aurpegia galdu une bakar batean, baina pare bat jokaldi on egiten zituztenerako erantzuten zien Baskoniak.
Jokaldi ikusgarriak egin dituzte, esaterako, Madinabeitiak, Zamorak eta Lorenzok, zaleak aulkitik altxatzeko modukoak. Minutuak aurrera joan ahala garestiago zegoen saskiratzea, alde batean zein bestean. Baskonia asko ausartzen zen hiruko marratik eta horrela joan da puntuak pilatzen, arrasatearrek barrualdean defentsa zorrotza egiten zutela ikusita.
Laugarren laurdena 53-53ko markagailuaz hasi dute. Hamar minutuak betetzear zirela ere berdinduta zihoazen, 71-71. Azken jokaldian kanpokoena zen baloia. Hegaleko jokalariari pasa diote, eta hiruko marratik barrura sartu du. Orduan jo du txirrinak.
Hala eta guztiz ere, Julen Berrocal entrenatzailea "harro" agertu da taldeak egindako lanaz, eta hurrengo partiduan pentsatzea tokatzen dela nabarmendu du. Donostian izango da, zapatuan, EASOren kantxan.