San Andresko Gudarien Plaza berriro urbanizatzeko proiektua lantzen ari da Udal Gobernua eta, horretarako, galdetegi bat jarri dute herritarren eskura. "Hor, plazaren erabileraren inguruko nahi eta beharrak identifikatzea eskatuko zaie bizilagunei", azaldu du Garazi Etxebarriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun saileko zinegotziak. "Bi bloke nagusitan banatuko dira galderak; batetik, lehenesten diren erabilera xehetasunen ingurukoak, eta bestetik, hiru plaza ereduren artean aukeratzea".
Lehenik, hiru aldagaien inguruko galderak egingo dizkiete bizilagunei: gaur egungo erabilera eta elementuen inguruan (aparkalekuak, portxea edo eta jaietako karpa edo agertokia), plazaren naturalizazio mailaren ingurukoak (natura txertatzearen inguruan, zuhaitzen presentzia eta zein tamainakoak, edo eta zorua eta landaretza motak) eta, azkenik, etorkizuneko erabilerari buruzkoak (jolas eta jarduera fisikoa definitzeko edo eta atseden eta topaketa maila).
Bestetik, bizilagunek lehenetsi beharko dute zein plaza eredu nahi duten: aparkalekuak dituena, plaza erakoa berdegune batzuekin edo parke itxura daukana. "Hiru aukerak, infografia batekin lagunduta datoz, ereduaren gerturatze bat izateko. Infografia hauek simulazio bat besterik ez dira, proiektua idazterakoan definituko baita plazaren izaera". Galdetegia, esan moduan, arrasate.eus atarian erantzun daiteke.
Bizilagunek etxean jasoko dute
Gudarien Plazako bizilagunek galdetegi fisikoa ere jasoko dute etxeetako buzoietan, eskuz bete eta plazako farmazian jarritako postontzian entregatu ahal izateko (Araba etorbidea, 14). Horretarako epea martxoaren 7ra egongo da irekita. Jasoko diren erantzunak aztertu ondoren, beste saio presentzial bat egitea aurreikusten du Gobernuak, galdetegiaren ondorioak bizilagunei azaltzeko.