Leire Mugerza Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorreko presidenteak Kooperatibak eta genero berdintasuna: Mondragoneko esperientzia hitzaldia eman du Arizmendiarrieta Kristau Federazioak antolatutako jardunaldietan, eta, hain justu, antolatzaileek nabarmendu dutenez, "Arizmendiarrietaren pentsamenduetako batzuk errepasatu" ditu lehendabizi. "Non emakumea protagonista den eta gizartearen eta lan munduaren matxismoa kritikatzen duen, pentsamendu horiek benetan iraultzaileak baitira une horretarako".
Horrez gain, Korporazioan emakumeek duten presentziari buruz ere hitz egin du, "Banaketa eta Zainketa sektorea feminizatuena eta Industria maskulinizatuena" dela nabarmenduta. Areago, hizpide izan du Korporazioaren norabidea ere, esaterako, berdintasun politikak eta planak aintzat hartuta. "Eraldaketa soziala izan eta izango da gizartearekin dugun konpromisoa. Mondragon erreferentea da berdintasunean, gure nortasuna, gure sustraiak dira".
Parte-hartzaile gehiago
Mugerzaz gain, jardunaldietan parte hartu dute Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Maite Peña Zainketako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak.