Hilero gertatu bezala, Otsaileko hirugarren zapatuan azoka egon da Seber Altube plazan goizean goizetik. Eguraldia lagun izan dute arrasatearrek, eta bertako eta sasoiko produktuez gozatzeko aukera izan dute azokara bertaratu direnek. Jendez bete da plaza, eta postuetan ez da jenderik falta izan goiz osoan zehar. Ogiak, gozoak, haragia, espezieak, kontserbak, atzerriko produktuak eta askoz gehiago egon da eskuragarri gaur Seber Altuben.
Makillaje natural tailerra
Azokako produktuez gain, Ekoudalatxen eskutik makillaje naturala egiteko tailerra egon da. Izena emateko zerrenda azkar bete zen, eta asko tailerretik kanpo geratu behar izan dira. Hala ere, goizean Seber Altuben egon diren herritar asko Ekoudalatxek eskaini duen tailerrera gerturatu dira begiratu bat ematera. Idurre Aranguren eta Nerea Altuna oso eskertuta agertu dira tailerrak izan duen harreragatik: "Jendea oso gustura aritu da eta guk ere oso pozik amaitu dugu goizeko tailerrak eman duenaz".