Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Amazoneko langileak trebatuko ditu mekatronika industrialean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 15a, 15:39

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta Amazonek gaur aurkeztu dute 'Aprendizak' programa.

Aprendizak izena du programak, eta prestakuntza eta enplegua txandakatzen ditu; beharginen garapen profesionala dute xede.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Amazoneko langileak trebatuko ditu mekatronika industrialean, Amazonekin hitzarmen bat sinatu ondoren. Hain justu, prestakuntza eta enplegua txandakatuko dituzte: langileek, lehendabizi, lauzpabost asteko eskola teorikoak izango dituzte Arrasateko ikastetxean, eta, ondoren, praktikak egingo dituzte Amazoneko Madrilgo, Toledoko, Sevillako, Valentziako eta Murtziako lantokietan. "Lanbidez heziketako zentroak Amazonentzat bereziki diseinatutako programa da, eta enpresak bere langileen prestakuntzari dagokionez dituen behar zehatzei erantzuten die", adierazi du Mondragon Unibertsitateak. Zehaztu duenez, "enpresaren mantentze-sailetarako profesionalen harrobia sortzea" da helburua, prestakuntzako eta enpleguko eredu mistoaren alde eginda.

Bada, gaur bertan eman dute egitasmoaren berri, aurkezpena egin baitute Mondragon Goi Eskola Politeknikoan; besteak beste, han izan dira Carlos Garcia ikastetxeko koordinatzaile nagusia, Jon Guinea hezkuntza gaietarako politika publikoen Amazoneko arduraduna, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Marta Casasayas Amazonen Aprendizak programaren arduraduna.

Garapen profesionala xede

Casasayasen hitzetan, "talentu gaztean" sinesten du Amazonek, eta gazte horien "garapen profesionala" bultzatu nahi du espezialitate teknologikoetan, Aprendizak programaren bitartez. "Guretzat garrantzitsua da prestakuntza aldian dauden gure langileek mekatronikako ezagutza arautuak eskuratu ahal izatea (...) eta, ondoren, esperientzia praktiko osoa izatea enpresako profesionalen eskutik". Areago, Garciak erantsi du ikastetxeen erantzukizuna dela enpresei euren langileen prestakuntza prozesuetan laguntzea: "Batez ere horrelako kasu berezietan; izan ere, Amazon enpresa ohiz kanpoko ahalegina ari da egiten, profesional onenak izateko, bai eta apustu oso handia ere, bai ekimenaren dimentsioagatik eta irismenagatik, bai dakarren ahalegin ekonomikoagatik eta denborarengatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak