Teknologiara hurbildu dira Arizmendi ikastolako Batxilergoko ikasleak, hitzaldia eman baitie Ane Blazquez Ikerlaneko ikertzaile oñatiarrak, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna –otsailak 11– dela eta. "Efemeride hori dela eta, Ikerlanek horrelako ekimenak egiten ditu urtero, Steam (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika) bokazioak sustatzeko", adierazi dute ikerkuntza zentrotik, arlo horretan emakumeen presentzia %30ekoa dela nabarmenduta. "Zenbait azterlanek egiaztatzen dute gaur egun profil teknologikoak direla enpresen premia nagusia, bai goi mailako graduetan, bai prestakuntza graduetan, eta, beraz, emakumeen talentua erakartzea bereziki beharrezkoa da".
Blazquezi dagokionez, informatika ingeniaritzan doktorea da, eta Ikerlaneko adimen artifizialaren lantaldean dihardu ikerlari. Matematikan graduatu zen, eta ostean egin zuen masterra Modelazio eta Ikerketa Matematikoan, Estatistikan eta Konputazioan. "Bere interesek denborazko serieen analisia, balio atipikoen detekzioa eta ikasketa automatikoa barne hartzen dituzte, eta gai horiei buruzko artikulu batzuk argitaratu ditu lehen mailako aldizkarietan".